Ceutara bakarrik iritsi diren adin txikiko batzuk hartuko dituzte EAEk eta Nafarroak
Azken orduetan Ceutara bakarrik iritsi diren adin txikiko migratzaileetako batzuk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Nafarroan hartzeko prest agertu dira, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Izan ere, Ione Belarra nafarra buru duen Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren Ministerioak lehendik Ceutan zeuden 200 adin txikikoak euren artean banatzeko eskatu die erkidegoei.
Astelehenean eta astertean 8.000 migratzaile inguru heldu ziren Ceutara eta Melillara, tartean 1.500 adin txikiko, gutxi gorabehera. Espainiako Gobernuak 200 bat adingabe hartzea proposatu die erkidegoei.
Ione Belarra Espainiako Eskubide Sozialen ministroak deituta, erkidegoetako arduradunek bilera egin dute arratsaldean, Ceutara heldu diren adin txikiko migratzaileen egoera aztertzeko. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak, Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak eta Irune Muguruza Familia eta Haurtzaro zuzendariak parte hartu dute batzarrean, Eusko Jaurlaritzaren izenean.
Ume horiek erkidegoetan hartzeko irizpideak argi eta garbi zehazteko eskatu dute, foru aldundiek kudeatutako aterpetxeetan dagoeneko migratzaile asko daudela argudiatuz.
Banaketa erkidegoen aberastasun maila, biztanleria eta langabezia-tasa kontuan hartuta egitea proposatu du Espainiako Gobernuak, Euska Jaurlaritzaren 'Share' programa oinarri hartuta.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du Ceutan bizi duten larrialdi egoerari premiazko erantzuna eman behar zaiola eta "arazo politikoak bide politikoetatik" konpondu behar direla.
Horrela, bada, migrazioaren arazoa aztertzeko "premiazko bilera sektoriala" deitu dezala eskatu dio Artolazabelek Espainiako Gobernuari, "azken urteetan ez baita bakarra egin". Halaber, Nafarroako Gobernuak ere bat egin du Eusko Jaurlaritzaren eskariarekin eta Migrazio Politiketako batzarra egitea galdegin du.
Migrazioaren auzia "elkarrekin" jorratzea defendatu du Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuak uste du beharrezkoa dela autonomia erkidegoek eta Espainiako Gobernuak elkarrekin heltzea migrazioaren auziari. Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak Euskadi Irratiari adierazi dionez, Foru Erkidegoa prest dago Ceutara bakarrik iritsi diren adin txikiko migratzaile batzuk hartzeko. "Estatuak badaki guri laguntza eskatzen baldin badigu hor izanen garela", gehitu du.
"Erantzun egokiak, solidarioak eta iraunkorrak eman nahi dizkiegu bai egiturazko fenomenoei, bai unean uneko salbuespenezko egoerei ere. Nafarroa harrera lurraldea da, orain arte hori erakusten ari da", berretsi du Patricia Ruiz de Irizar Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken zuzendari nagusiak.
Ildo horretan, "Nafarroako Gobernuak Share proposamenaren alde egindako apustua" ekarri du gogora, "Irizpide objektiboak ezartzen baititu migratzaileak eta errefuxiatuak Europar Batasuneko eskualdeen artean modu solidarioan eta erantzunkidean banatzeko".
"Proposamen honekin bat egin dugun erkidegoek modu koordinatuan lan egiten dugu, gure ekimenez, eta oso jakitun gara koordinazio horren balioaz", gaineratu du.
Ruiz de Irizarren esanetan, beharrezkoak dira "informazioa, tresnak eta estrategiak Ministerioarekin eta beste erkidegoekin partekatzeko espazioak".
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak uste du posible dela 500 neska Penintsulara eramatea "aste gutxi barru"
Gazteria eta Haurtzaro arloak adierazi du astebete daramala gai honetan lanean Ceutako agintariekin, eta proposamen zehatz bat egingo duela.
Irunen hegoaldeko erronda, saihesbidea eta AP-8 autobidean 3. erreia egiteko beharra defendatu du Labordak
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan Cristina Laborda Irungo alkateak esan duenez, urteak behar dira errepideak egiteko, eta erabaki batzuk duela 20 urte hartu behar izan zirela kritikatu du.
Gipuzkoak "plan estruktural bat" eskatu dio Espainiako Gobernuari Ceutako adingabeak hartzeko
Irune Berasaluze foru bozeramaileak adierazi du Gipuzkoa prest dagoela adin txikikoak hartzeko. Hori bai, baldintza batzuk ezarri dizkio Espainiako Gobernuari. Ezinbestekoa da, bere hitzetan, plan estruktural bat edukitzea, eta inprobisazioek ez dute lekurik izan behar.
"Politikan gizatasunez jardutea" eskatu du Chivitek, Ceutan bakarrik dauden adingabeen egoeraren aurrean
Maria Chivitek eskatu du alde batera uzteko Ceutan familiarik gabe dauden haurren egoera "deshumanizatzeko" ahalegina. Adingabe horien "muturreko egoera" nabarmendu du Nafarroako presidenteak, eta berretsi du Nafarroak beteko dituela bere betebeharrak, baina gainerako erkidegoei ere gauza bera egiteko deia luzatu die.
Irunek mugako trafikoaren aurrean duen "bakardadea" salatu du alkateak, eta Eusko Jaurlaritzak Frantzia seinalatu du
Cristina Laborda Irungo alkateak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazio handiagoa eskatu du, eta Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordeak, berriz, Ertzaintzaren kudeaketa defendatu du, eta Frantziako agintariak jo ditu mugan trafikoa arintzearen arduradun gisa.
Ceutan bakarrik dauden adingabeak euren familiekin bueltatzearen beharra azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak
Horretarako aukera guztiak agortzeko eskatu dio Lakuak Espainiako Gobernuari, horiek autonomia erkidegoetan banatu aurretik.
Nafarroak adingabeen banaketa "beteko" du, baina beste erkidegoen "elkartasunik eza" ordaindu gabe
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaileak adierazi duenez, Nafarroak "araudia beteko du" eta inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen banaketari eta harrerari men egingo die, baina ez du ordainduko "beste autonomia-erkidego batzuen elkartasunik eza".
Ceutako 500 neska migratzaile penintsulara eramateko lanean ari da Espainiako Gobernua
Espainiako Gobernua lanean ari da bakarrik dauden 500 bat neska migratzaile penintsulara eramateko, uztailaren amaierako sarrera masiboaren ondoren Ceutan daudenak. Gazteria eta Haurtzaro Ministerioa aztertzen ari da adingabeak babesteko erakundeek baliabide egokituetan har ditzaten, haien tutoretza autonomia-erkidegoei transferitu beharrik gabe.
Bilboko Konpartsek eta Sarek manifestazioa deitu dute abuztuaren 28rako, 2027an "euskal presorik egon ez dadin" aldarrikatzeko
Sarek eta Bilboko Konpartsek Etxera Eguna deitu dute abuztuaren 28rako, Aste Nagusi betean, “euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzea” aldarrikatzeko. Horretarako, manifestazioa eta herri-bazkaria egingo dute. Halaber, gaurko agerraldian, 2027ko jaiak presorik eta errepresaliaturik gabeko lehenak izatea jarri dute helburutzat.
Ceutako adingabe migratzaileak beren familiekin bueltatzearen alde eta, ezin den kasuetan, hartzearen alde egin du Jaurlaritzak
Txema Ezkerra Haur, Nerabe eta Familia zuzendariaren ustez, "onartezina" da Voxek arlo hori kudeatzen duen erkidegoetan legea ez betetzea, eta Estatuari esku-hartzeko eskatu dio.