Ukrainako inbasioa gaitzetsi du Legebiltzarrak, taldeen arteko desadostasunak tarteko
Eusko Legebiltzarrak Ukrainako inbasioa gaitzetsi du ostegun honetan, taldeen adostasuna erabatekoa izan ez bada ere. Eztabaida saioan agerian geratu da alderdien arteko akordio eza, gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak aztertuko dituen ikerketa batzorde bat eratzeari uko egin baitiote.
PP+Cs koalizioak eta EH Bilduk eraman dute afera Legebiltzarrera, aldi berean eztabaidatu dituzten bi ekimenen bitartez.
Alde batetik, aurrera atera da PP+Cs, EAJ eta PSE-EE alderdiek hitzartutako eta Voxek babestutako zuzenketa bat, EH Bilduk eta Podemosek aurka bozkatu duten arren. Horren bidez "erabat" salatu eta gaitzetsi egin dute Ukrainako inbasioa, eta Europar Batasunari eskatu diote sendotu ditzala Errusiaren aurkako zigorrak.
Halaber, gerra krimen guztiak ikertzeko eta Espainiako Gobernuaren, Europar Batasunaren eta NATOren ekintzak babesteko eskatu dute, eta elkartasuna adierazi diote ukrainar herriari.
Bestetik, ez da aurrera atera koalizio abertzaleak eta Elkarrekin Podemosek bultzatutako proposamena, gainerako talde guztiek errefusatu baitute. Batzorde berezi bat eratzea eskatzen zuten aipatu bi alderdiek, gerraren ondorioei erantzuteko neurriak aztertze aldera. Horrez gain, Ukrainako gerraren inguruko saio berezi bat ere nahi zuten.
EH Bilduko Nerea Kortajarenaren iritziz, gaur onartutako ekimenaren helburua ez da Ukrainan gertatzen ari dena salatzea, ezta erantzun bateratu bat bilatzea ere. "Seguru beste interes batzuk dituztela", ziurtatu du. Bestalde, sinatzaileei egotzi die "elkarrizketari ezetz" esatea, EH Bilduk gerrari eta NATOri ezetz esaten diola gogora ekarrita.
Hain zuzen ere, sinatzaileek "NATOri babesa" eman diotelako egin dio uko Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek proposamenari. "Nahita jarri duzue erdigunean ezberdintzen gaituen kontu hori", salatu du PP+CS-ri aipamen eginez. "Erabat gaitzesten dugu inbasioa, presio mekanismo guztiak babesten ditugu eta begi onez ikusten dugu Errusiako Gobernua eta oligarkak zigortzea", erantsi du.
Carmelo Barriok (PP+Cs), bere aldetik, Elkarrekin Podemosek aurpegiratutakoa arbuiatu du, eta esan du asmo dutela "salaketa, gaitzespen eta exijentzia handiena" lortzea. EH Bildurentzat ere izan du mezurik: "Ez baduzue guk dugun exijentzia maila bera, zuek zarete mugatuta zaudetenak". Bukatzeko, Elkarrekin Podemosi gogorarazi dio bere alderdia NATOren parte den herrialde bateko gobernuan dagoela.
EAJko Iñaki Aguirrek ere hartu du hitza, EH Bildu jomugan zeukala. "Lotsagarria eta gustu txarrekoa da giza tragedia batean nork bere interesak defendatzea", leporatu dio. Erantzun bat emateko asmotan, erakundeek asteak daramatzate lanean, Aguirreren esanetan, eta "EH Bildu berandu iritsi da". Gainera, "NATOri eta gerrari ez" leloan tematuta dauden alderdiak kritikatu ditu.
Txarli Prieto sozialista penatuta agertu da eztabaidak hartu duen norabidea ikusita, eta ez du proposatutako batzorde berezia onartu nahi izan, egoerak berehalako erantzunak eskatzen dituelako.
Azkenik, Voxek azpimarratu du beharrezkoa dela Ukrainako gerra "aho batez gaitzestea", eta argi utzi du gatazka ez dela "bulegoetatik edota batzorde berezietatik" konpontzen.
Zure interesekoa izan daiteke
Iruñeko aire-trafikoa "hobetzeko prest" agertu da Espainiako Gobernua
Maria Caballero UPNko senatariak egindako galdera bati erantzunez, Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroak Iruñeko aireportuaren egungo eredua defendatu du, aire-trafikoa "hobetu" daitekeela aitortu arren. Haren hitzetan, Iruñekoa da 2018tik bidaiarien kopurua gehien hazi den aireportuetako bat da, % 40.
Abortua Konstituzioan blindatzea onartu du Ministroen Kontseiluak, "dinamika atzerakoien aurrean"
Konstituzioaren erreforma honek hiru bosteneko gehiengoa behar du Kongresuan eta Senatuan, eta, beraz, gobernukideak oposizioko alderdiekin adostasunera iristen saiatu beharko dira.
Urtasun: "Teknikoei entzun behar zaie beti, eta ez dute batere gomendatzen lekualdatzea"
Kultura ministroak Eusko Jaurlaritzak 'Gernika' behin behinean, bonbardaketaren 90. urteurrenagatik, lekualdatzeko eskaerari balioa eman eta errespetua helarazi dio, baina aukera baztertu du. Igotz Lopez EAJko senatariak gogorarazi dio txosten teknikoa eskaera egin eta bi egunera egin zela, eta Madrilgo museoaren bideragarritasuna margolanarekin lotzen zuela.
“Begirada aldaketa” eskatu du Bengoetxeak, “Gernika” “berme guztiekin” lekualdatzeko
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik "Gernika" lekuz aldatzeko eskaerari buruzko erantzunik jaso. Eusko Jaurlaritzak Picassoren obra Euskadira kontserbazio "berme guztiekin" eramateko baldintza egokiak ezagutzea baino ez duela eskatzen adierazi du. Bien bitartean, EAJk astearte honetan eramango du eztabaida Senatura, Kultura ministroari azalpenak eskatzeko.
Abalosen semeak ukatu egin du aitaren diru funtsak kudeatu izana: "Nik ez dut klabean hitz egiten; ez aitarekin, ez inorekin ere"
Astearte honetan hasi da garraio ministro ohiaren, haren aholkulari Koldo Garciaren eta Victor de Aldamaren aurkako epaiketa. Pandemiaren garaian, musukoak erosteko lehiaketa publikoen bidez eskupekoak jasotzea leporatuta, 24 urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu Fiskaltzak. Bi astez luzatuko da epaiketa, eta 80 lekukotik gora daude deklaratzera deituta.
Koldo Garciak “tentel” deitu dio Aldamari, eta epaiketa “lehertuko” duten frogak aurkeztuko dituela esan du
Jose Luis Abalosen aholkulari ohiak audio bat bidali du Telecincora, eta bertan adierazi du “erabat errugabeak” direla frogatuko dutela.
Abalos, Koldo Garcia eta Aldamaren aurkako epaiketa hasi da, maskarak iruzurrez erostea egotzita
Fiskaltzak eskatu du ministro ohiari 24 urteko espetxe-zigorra ezartzea; 19 urte, Garciari, eta 7 urte, Aldamari. 70 lekuko baino gehiago agertuko dira Auzitegi Gorenean.
Ikerketa batzordeak bertan behera utzi du Cerdanen emaztearen agerraldia, osasun arazoengatik deklaratzeari uko egin baitio
Erabaki hori gorabehera, txostenak "zalantzak sortu dizkie", batzordeko presidenteak esan duenez, baina "kontuz ibiltzeko moduko gai bat" dela iritzita, deklarazioa bertan behera uztea erabaki dute, bai eta Cerdanen emazteak aurkeztutako agiriari buruzko txosten "juridikoak" eta beste mediku batzuren "osasun txostenak" biltzea ere.
Epaiketa bertan behera uztea eskatu dute Kitchen auziko akusatuen abokatuek, intrukzioan akatsak izan direla argudiatuta
Lehen saioan, aurretiko gaiei helduta, hamar akusatuen abokatuek galdegin dute bertan behera utz dezatela Mariano Rajoyren Gobernuaren garaiko Barne Ministerioaren buruzagitzaren aurkako epaiketa.
PPk kritikatu du "biktimismoan" eta euskal herritarren errealitatetik urrun bizi dela EAJ
Laura Garridok (PP) hedabideen aurrean adierazi duenez, Aberri Egunean "betiko diskurtsoa" izan zuen EAJk. "Jauzi kualitatibo bati buruz hitz egin zuten, eta jauzi horrek euskal herritarrei mesede egingo ote dien galdetu nahi diet, kontuan izanda independentzia ez dagoela euskal herritarren lehen kezken artean", esan du.