Elkarrizketa Radio Euskadin
Gorde
Kendu nire zerrendatik

"Populismoen kontra indarrak batzeko" deia egin dio Enrique Mayak Geroa Bairi, Podemos eta EH Bildu ahotan

Iruñeko alkateak ez du argitu datorren urteko udal hauteskundeetan hautagai izango den, eta esan du erabakitzeke dutela Navarra Suma koalizioaren baitan edo UPN gisa aurkeztuko diren. "Azken orduko erabakia izango da, aukera guztiak daude zabalik", erantsi du.
Maya, Iruñeko estudioan, elkarrizketaren une batean.
Maya, Iruñeko estudioan, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Enrique Maya Iruñeko alkateak "populismoen kontra indarrak batzeko" deia egin dio EAJri —Geroa Bai koalizioaren parte den aldetik—, Podemos eta EH Bildu ahotan hartuta. Izan ere, horren ustez, "gobernu populistak" daude Nafarroan eta Espainian, eta "oso txarrak dira".

Mayaren ustez, jeltzaleek "kezkatuta" egon beharko lukete Nafarroan dagoen gobernu eredua "Euskadin ere sor daitekeelako" (PSE-EE, Podemos eta EH Bildu). Hala, Foru Erkidegoan, "garrantzitsuena den horretan, eredu ekonomiko eta politikoan ados jartzeko" eskatu dio Geroa Bairi.

Hauteskundeak hizpide hartuta mintzatu da buruzagi erregionalista Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Dena dela, ez du argitu Iruñeko Alkatetzarako hautagai izango den, eta Navarra Suma (UPN, Ciudadanos eta PP alderdien arteko koalizioa) markapean aurkeztuko den edo UPN bakarrik ordezkatuz.

Lehenengoaren inguruan esan duenez, "oraindik ez da unea heldu, egunerokoan nago buru-belarri, ez etorkizuneko kontuetan". Alkategai izateko "indar faltarik ez dut", azaldu du, baina "azterketa orokorragoa egin behar da", gaineratu du. Hauteskundeetan erabiliko duten marka hizpide, "zatituta" dagoela aitortu du: batetik, jakin badaki koalizio gisa "indarrak batu" egiten direla, baina, bestetik, "pena" ematen dio UPN marka desagertzea. Mayaren hitzetan, "politika oso zail dago, eta, beraz, zaila da ezer aurreratzea. Azken orduko erabakia izango da".

Sayas eta Adanero UPNko diputatu ohiekin gertatutakoa —lan erreformaren bozketan alderdiaren boto-diziplina hautsi zutela eta, alderditik kanporatu dituzte— "mingarria" izan dela azpimarratu du, eta aitortu du "txarra" dela plataforma sortzea. Horren arabera, "botoak kenduko dizkigute".

Azkenik, sanfermin jaiak ahotan, "gogotsu" dagoela nabarmendu du, eta, bi urteren ostean, "jaiak normaltasun guztiarekin" ospatuko dituztela iragarri du. "Sanferminak erdizka egitea ez da posible", ohartarazi du.

Zure interesekoa izan daiteke

Entrevista en Radio Euskadi al obispo de Vitoria Juan Carlos Elizalde
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elizalde: "Erakundeek eta herritarrek ez digute esker onik adierazi San Frantzisko eliza Martxoak 3 Memorialaren esku uzteagatik"

Gasteizko gotzaina kexu agertu da administrazio alorrean dagoen "moteltasun izugarria" tarteko, eta biktimen elkarteekin "tentsioa" dagoela aitortu, eta horrek "patronatu lasaia" edukitzea zailtzen duela erantsi du. Hala ere, "hainbeste urteren ostean" proiektu bat egotea positibotzat jo du, eta garrantzia kendu dio Memorialak 1976ko sarraskiaren urteurrenerako ateak ez irekitzeari. 

maria-ubarretxena
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ubarretxena: "Urte luzetan itxita egon den Gizarte Segurantzaren atean zirrikitu bat zabaldu dugu etorkizunari begira"

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua "lasaiago" agertu da iaz adostutako bost eskumenak transferituta, eta gainerakoak negoziatzen jarraituko dutela azpimarratu du. Ez du uste Sanchezen gobernuarekin itxiko dituzten azken eskumenak izango direnik; nolanahi ere, "kezka" azaldu du balizko gobernu aldaketa batek negoziazioa zailduko lukeelako, batez ere tartean eskuin-muturra egonda.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X