Juan Carlos I.a Espainiara bueltatuko dela zabaldu dute
Juan Carlos Borboikoa Espainiara bueltatzear egon daitekeela zabaldu dute berri-agentziek. Felipe VI.a Abu Dhabin egon zen atzo, Jalifa Bin Zayed al Nahyan jekearen hiletan, eta Espainiara itzultzeko aukeraz hitz egin zuen bere aitarekin, aipatu iturrien arabera.
Gaur goizean, Onda Cero irratiak iragarri du errege emeritua Sanxenxon (Pontevedra) izango dela datorren maiatzaren 21ean eta erantsi du aurrez Zarzuela Jauregian izango dela. Errege-etxeak, baina, oraingoz ez du baieztatu informazio hori.
Espainiako errege emerituak ia bi urte daramatza Abu Dhabin. Hara egin zuen ihes, Mekako abiadura handiko trenaren obragatik ustez 65 milioiko komisioa kobratzeagatik eta dirua paradisu fiskaletan ezkutatzeagatik ikerketapean zegoela argitara atera zenean.
Alabaina, joan den martxoan, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak artxibatu egin zuen auzia eta, harrezkero, hainbat zurrumurru izan dira Juan Carlos Borboikoaren itzulerarekin lotuta.