Unidas Podemosek eta ERCk neurri progresista gehiago eskatu dituzte, eta eskuinak Sanchez gogor kritikatu du
Estatuaren egoerari buruzko eztabaida Pedro Sanchezen iragarpenarekin abiatu da, goizean, Kongresuan: enpresa energetikoei eta banketxeei zerga bereziak ezarriko dizkietela agindu du. Arratsaldeko saioan, PP, Vox, Unidas Podemos eta ERC alderdietako bozeramaileek hartu dute hitza. Gainerako talde parlamentarioen agerraldiak asteazkenean izango dira.
Cuca Gamarra Alderdi Popularreko idazkari nagusiak gogor kritikatu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kudeaketa eta, besteak beste, inflazioari eta krisi energetikoari aurre egiteko neurri eraginkorrik aurkeztu ez izana egotzi dio. "Frankenstein Gobernuak ez du gehiagorako ematen, porrot egin du eta bere proiektua agortuta dago", adierazi du.
Hitzartzea hasi aurretik, Gamarrak minutu bateko isilunea egin du ETAren biktimen oroimenez, eta, ildo horretan, PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuak EH Bildurekin egindako itunak salatu ditu.
Inflazioari dagokionez, PPk prezioen etengabeko gorakadari aurre egiteko hainbat neurri proposatu dituela eta Gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest agertu dela azaldu du, baina Sanchezek laguntza ukatu diola deitoratu du.
Horrez gain, Espainiako Gobernua "zatituta" dagoela iritzi dio. "PSOE eta Unidas Podemos beraien arteko desadostasunak bideratu nahian dabiltza, espainiarren arazoez kezkatu beharrean", salatu du.
Gauzak horrela, Gamarrak uste du Sanchezek ezarri dituen politika sozialak ez direla egokiak izan eta Espainia presidente kargua hartu zuenean baino "okerrago" utziko duela.
Santiago Abascalen (Vox) arabera, Espainiaren egoera "oso larria" da eta "okerragoa izan daiteke Pedro Sanchezek Gobernuan jarraitzen badu". Horrenbestez, Alderdi Popularrari eskua luzatu dio koalizio-gobernuaren alternatiba eraikitzeko.
Sanchezek erakundeak "bere interes pertsonalen eta ideologikoen arabera" erabiltzen dituela salatu du eta legegintzaldia "txarra" izan dela erantsi du.
"Suntsitzen duten guztia berriro eraikiko dugu eta botatzen duten guztia berriro altxatuko dugu: ekonomiatik hasita, gurutzeetaraino", azpimarratu du.
Ildo horretan, Abascalek iragarri du Memoria Demokratikoaren Legearen kontrako helegitea aurkeztuko duela Voxek.
Horrez gain, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiari zuzendu zaio eta esan dio eztabaida ideologikoak ez direla hutsalak. Areago, ezkerrak bere agendarekin aurrera egin ez dezan, konfrontazio ideologikoa ezinbestekoa dela adierazi du.
"Irmotasunez jokatuta soilik lortuko dugu alternatiba erreal bat eraikitzea eta espainiarrek eskatzen dutena gauzatzea: Gobernu hau eta bere politikak kanporatzea", nabarmendu du PPri Espainiako Gobernua eskuratzeko elkarlanean aritzeko eskua luzatuz.
Bestalde, Unidas Podemosek Pedro Sanchezek gaur goizean iragarritako neurriak nabarmendu ditu, eta "ezkerreko bidetik" jarraitu dezala eskatu dio.
Pablo Echeniquek eta Jaume Asensek hartu dute hitza Unidas Podemosen izenean. "Badakigu burugogorrak garela, baina gauzak ondo egiten direnean ere aitortzen dugu", esan du Echeniquek.
"Ausardiaz jokatzeko eta ezkerretara bira emateko eskatu genizun, eta Gobernuak posible egin du orain arteko ezinezkoa zirudiena", azpimarratu du Asensek.
Echeniquek bide horretatik jarrai dezala galdegin dio Sanchezi eta hurrengo Aurrekontuetan, besteak beste, ondoko neurriak ezartzea proposatu dio: 10.000 milioi euroko diru-funtsa osasun sistema eta hezkuntza publikoa indartzeko; ordaindutako zazpi eguneko baimena senideen zaintza-lanetarako; eta lanbide arteko gutxieneko soldata berehala igotzea.
Halaber, ezkerreko politikak ezarrita, koalizio-gobernua indartsuagoa dela ziurtatu du, "askok haustea nahi badute ere".
Horrez gain, Asensek esan du Espainiak neurri sozial gehiago behar dituela, eta ez gerrarako dekretuak. "Gastu militarra handituz ez dira prezioak murriztuko, ezta herritarren bizi-baldintzak hobetuko ere", ohartarazi du.
Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak ere positibotzat jo ditu Sanchezek iragarritako neurriak, baina azpimarratu du ez dela nahikoa konpainia elektrikoei eta bankuei zerga bereziak jartzea, eta, beraz, premiazkotzat jo du zerga-sistema berri bat ezartzea.
"Pobreziaren aurkakoa ez da aberastasuna, justizia da, eta justizia ez da aldi baterako, ezta ezohikoa ere", adierazi du.
"Herrialde honetan familiek gutxiago ordaindu behar dute eta enpresa handiek gehiago", iritzi dio.
"Presidente jauna, desberdintasuna klaseen arteko borroka da eta borroka hori langile klaseak galtzen du beti. Ahal den guztia egingo duzula esan duzu, bada, egin dezagun zerga-sistema berri bat justizian oinarrituta egongo dena", proposatu dio Rufianek Sanchezi.
Halaber, politikari independentistak Alderdi Popularrak arlo honetan egin duen proposamena kritikatu du: "Espainian zerga asko ordaintzen dira, bai, baina ez dituzte 100.000 euro kobratzen dutenek ordaintzen, baina zerga gehienak zuek kontuan hartzen ez duzuen langile-klaseak ordaintzen ditu".
Horrez gain, Rufianek ohartarazi du egungo egoera sozioekonomikoa Sanchezek esandakoa baino larriagoa dela eta azken urtean elikagaien prezioak zenbat garestitu diren azaldu du adibide moduan. "Jendea gaur duela urtebete baino 3.000 euro pobreagoa da", deitoratu du.
"Hori da zure nazioaren egoera. Jendeari ez zaio axola Kongresuan esaten dena, baizik eta supermerkatuan ordaindu behar dutena", erantsi du.
Horrenbestez, legeak eta proposamenak egiterakoan anbizio handiagoarekin joka dezatela eskatu die Rufianek PSOEri eta Unidas Podemosi.
Zure interesekoa izan daiteke
Valcalderan fusilatutakoak omendu dituzte Iruñean eta Cadreitan, 90 urte betetzen direnean
1936an, agintari militarrek 52 preso errepublikano atera zituzten Iruñeko kartzelatik, askatuko zituztelako aitzakian, baina hil egin zituzten. Bederatzi hamarkada geroago, ez dakite non dauden haien gorpuzkiak.
Eusko Jaurlaritzak ostegunean hasiko du urte politiko berria
Besteak beste, etxebizitzaren prezioak, Osakidetzako itxaron-zerrendek, transferentziek eta erreforma fiskalak markatuko dute agertoki politikoa udazkenean.
Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Feijook Sanchezi "osasun arriskuagatik"
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, uztailaren amaieran migratzaileak masiboki sartu ostean atzeman diren gaixotasun infekzioso eta kutsakorrak direla eta. Horren hitzetan, sarna eta tuberkulosi kasuak daude eta "osasun-arriskua" dago.
Bizirik dauden migratzaileak eta hildakoen gorpuak aberriratzeko eskatu dio Marokok Espainiari
Marokoko Justizia ministroak Espainiarekin akordio bat sinatzeko eskatu du, eta ziurtatu du Maroko prest dagoela autobusak Ceutara bidaltzeko, bizirik dauden migatzaileak hartzeko.
Gorenak atzera bota du ministroak abuztuan Senatuan agertzera behartzeko PPk egindako premiazko eskaera, Ceutako krisia dela eta
Nuñez Feijook Gobernuari eskatu dio baimena eman diezaiola Felipe VI.ari hiri autonomoa bisitatzeko, erregeak “Ceutara joan nahi duelako hala dagokiolako”.
Espainiako Gobernuak uste du posible dela 500 neska Penintsulara eramatea "aste gutxi barru"
Gazteria eta Haurtzaro arloak adierazi du astebete daramala gai honetan lanean Ceutako agintariekin, eta proposamen zehatz bat egingo duela.
Irunen hegoaldeko erronda, saihesbidea eta AP-8 autobidean 3. erreia egiteko beharra defendatu du Labordak
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan Cristina Laborda Irungo alkateak esan duenez, urteak behar dira errepideak egiteko, eta erabaki batzuk duela 20 urte hartu behar izan zirela kritikatu du.
Gipuzkoak "plan estruktural bat" eskatu dio Espainiako Gobernuari Ceutako adingabeak hartzeko
Irune Berasaluze foru bozeramaileak adierazi du Gipuzkoa prest dagoela adin txikikoak hartzeko. Hori bai, baldintza batzuk ezarri dizkio Espainiako Gobernuari. Ezinbestekoa da, bere hitzetan, plan estruktural bat edukitzea, eta inprobisazioek ez dute lekurik izan behar.
"Politikan gizatasunez jardutea" eskatu du Chivitek, Ceutan bakarrik dauden adingabeen egoeraren aurrean
Maria Chivitek eskatu du alde batera uzteko Ceutan familiarik gabe dauden haurren egoera "deshumanizatzeko" ahalegina. Adingabe horien "muturreko egoera" nabarmendu du Nafarroako presidenteak, eta berretsi du Nafarroak beteko dituela bere betebeharrak, baina gainerako erkidegoei ere gauza bera egiteko deia luzatu die.
Irunek mugako trafikoaren aurrean duen "bakardadea" salatu du alkateak, eta Eusko Jaurlaritzak Frantzia seinalatu du
Cristina Laborda Irungo alkateak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazio handiagoa eskatu du, eta Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordeak, berriz, Ertzaintzaren kudeaketa defendatu du, eta Frantziako agintariak jo ditu mugan trafikoa arintzearen arduradun gisa.