Alfredo de Miguel eta gainerako kondenatuei ustelkeriagatik ezarritako zigor nagusiak berretsi ditu Gorenak
De Miguel auzian zigortutako hiru EAJren buruzagi ohiei ezarritako zigor nagusiak baieztatu ditu gaur Auzitegi Gorenak. Arabako Lurralde Auzitegiak duela hiru urte eman zuen epaia, Euskadin inoiz epaitutako ustelkeria kasu handienari dagokiona. Zigortutako batzuek helegitea aurkeztu zuten Gorenean, eta gaur eman du jakitera auzitegiak epai irmoa.
Hori horrela, lurralde auzitegiak 2019an hiru akusatu nagusiei —Alfredo de Miguel, Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria— ezarritako zigorrak berretsi ditu Auzitegiak. 13 eta 6 urte bitarteko zigorra ezarri zien, baina espetxean eman beharreko gehienezko tartea 9-6 urtekoa izango zela ebatzi. Gorenak ere irizpide horri eutsi dio, zigorrak apur bat jaitsi baditu ere. Hori horrela, hirurak kartzelan sartu beharko dira.
Alfredo de Miguel EAJk Araban zuen "bigarren" eta foru diputatua izandakoari 12 urte eta 4 hilabeteko zigorra ezarri dio Gorenak —lehen instantzian, 13 urte eta hiru hilabeteko kondena izan zen—, kargu publikoan aritzeko gaitasungabetzea eta isunak ezartzeaz gain. Honako delituak egotzi dizkio auzitegiak: funtzionario-eroskeria pasiboa, merkataritzako dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, funtzionario-eroskeria ezegokia, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Eragimen-trafikoaren delitutik absolbitu du Gorenak. Arabako Auzitegiak ezarri bezala, kartzelan eman beharreko gehienezko tartea 9 urtekoa izango da.
Koldo Ochandiano alderdikideari dagokionez, ezarritako zigorrari eutsi dio Gorenak, hau da, 7 urte eta 6 hilabetekoa, baina espetxean 6 urte eta 9 hilabete egingo ditu gehienez. Bestalde, Aitor Telleria EAJko buruzagi ohiarentzat txikiagoa izango da bete beharreko zigorra: 6 urte eta erdikoa barik, 5 urte eta hilabete batekoa bete beharko du. Arabako EAJren buruzagitzako hiru kide ohiei honako delituak leporatu dizkie Gorenak: funtzionario-eroskeria pasiboa, merkataritzako dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, funtzionario-eroskeria ezegokia, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea.
Javier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendaria izandakoari ezarritako zigorra ere berretsi du Auzitegiak: 7 urte eta hilabetekoa, hain justu. Gorenaren aburuz, prebarikazio delitu jarraitu egiteko ezinbesteko laguntzaile izan zen, eta honako delituen egile: eragimen-trafikoa, diru publikoak bidegabe eragiltzea eta dokumentuak faltsutzea.
Bestalde, Julian Andres Sanchez Alegria EAEko parke teknologikoen presidente ohia kargu guztietatik absolbitu dute, proba faltagatik.
Ustelkeria sarea
Gorenaren Zigor arloko Aretoak 344 orrialdeko epaian azaltzen duenez, hiru politikari ohiek (De Miguel, Ochandiano eta Telleria) "EAJren Arabako zuzendaritzako kide ziren aldetik, euren influentzia politikorako gaitasuna eta udal zein EAEko administrazioaren ardura postuetan zeuden hainbat pertsonarekin zuten adiskidetasun politikoa baliatu zituzten hainbat obra eta zerbitzu kontratu esleitzeko, komisioen truke".
Epaiak frogatutzat eman duenez, komisio horiek kobratzeko hainbat sozietate (Kataia Consulting SL, Errexal SL edota Ortzi Muga SL) sortu zituzten ustezko zerbitzu eta obra horiek fakturatzeko, eta euren ardura ezkutatzeko, izen-mailegatzaileen izenean jarri zituzten (bi kasutan, De Miguel eta Ochandianoren emazteen izenean).
Are gehiago, hainbat kasutan eta betiere Gorenaren arabera, inoiz egin ez ziren obrengatik kontratua erdietsi zuten sozietateok, sarearen "etekinak are handiagoak" izatea lortuta.
Gorenak ezarritako zigorrak
Alfredo de Miguel: 12 urte eta 4 hilabete (gehienez, 9 urte)
Koldo Ochandiano: 7 urte eta 6 hilabete (gehienez, 6 urte eta 9 hilabete)
Aitor Telleria: 5 urte eta hilabete 1
Javier Sanchez Robles: 7 urte eta hilabete 1
Iñaki San Juan (Leioa zinegotzi ohi eta enpresaburua): 4 urte, 4 hilabete eta 15 egun
Josu Azkarraga (enpresaburua): 4 urte, 4 hilabete eta 15 egun
Ainhoa Bilbao (Alfredo de Miguelen emaztea): Urtebete eta 6 hilabete
Iratxe Gaztelu-Urrutia (Ochandianoren emaztea): Urtebete eta 6 hilabete
Sergio Fernandez Oleaga (enpresaburua): Urtebete eta 6 hilabete
Jon Iñaki Echaburu (enpresaburua): 5 hilabete
Maria Justina Angulo (Zanbranako alkate ohia): 9 urteko gaitasungabetzea
Alfonso Carlos Arriola (Arabako Parke Teknologikoaren kudeatzailea): 4 urteko gaitasungabetzea
Absoluzioak
De Miguel, Telleria, San Juan eta Arriola jardunbide jakin batzuetan absolbitu dituzte.
Julian Andres Sanchez Alegria (EAEko parke teknologikoen presidentea): kargu guztietatik absolbitu dute proba faltagatik.
Jon Iñaki Echaburu (enpresaburua): eroskeriagatik eta zilegi ez den elkartea eratzeagatik absolbitu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.