Pasaiako sarraskia "exekuzio estrajudiziala" izan zela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzaren txosten batek
1984ko martxoaren 22an gertatu zen, 22:30 aldera. Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak tiroz hil zituen Espainiako Poliziak. 39 urte igarota, oraindik ez da inor epaitu gertakari haiengatik, eta hildakoen senideek kalean zein auzitegietan egindako borroka nekaezinak lortu du gaiak urterik urte oihartzuna izatea. Bada, urteurren honetan zabaldu da Eusko Jaurlaritzak Pasaiako badiako gertakariei buruzko txostena agindu ziola EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrari, eta 2020tik txosten hori kajoian gordeta izan duela. Jon Mirena Landa Zuzenbide Penaleko katedradunak zuzendu zuen lana, eta hilabete honetan izan dute biktimen senitartekoek ikerketa-lan horren berri. "Oso minduta" agertu dira, bereziki, txostenean jasotzen diren ondorioak "ikaragarriak" direlako. "40 urte daramatzagu aldaba guztiak jotzen. Jaurlaritzak txosten hau lortu eta kajoi batean gorde? Horrela tratatzen al dira pertsonak? Hauek al dira giza eskubideen defendatzaileak?", salatu du Pello Aizpuruk, sarraskian hildako Dionisio Aizpururen anaiak.
Txostenak hitzez hitz dioenez, "ez da egin ikerketa judizial eraginkorrik" Pasaian gertatutakoa argitzeko, eta "Pasaiako polizia-operazioan erantzukizun politikoak ez dira erabat argitu". Tiroketaren inguruabarren kontaketa zehatza egin ondoren, txostenaren egileek ondorioztatu dute "judizioz kanpoko epaiketa baten antza" izan zuela polizia-operazioak, eta horien aurrean, "Estatuak, ikerketa judizial azkar bat egin ordez, kalbario judizial bihurtu zen prozesua, etengabeko maniobra luzatzaileen bidez". Gauzak horrela, "giza eskubideen urraketa larrien kasu paradigmatikoa da" orain 39 urte gertatutakoa, eta "egia azaleratzeko sekulako erresistentziak" egon dira. "Erakunde ia guztien isiltasunak areagotu du bidegabekeria maila", zehazten du testuak.
Gomendio batzuk ere biltzen ditu EHUren lanak; besteak beste, txostena publiko egitea eta biktimen senideei babesa ematea. Azken horiek, baina, martxoaren hasieran Eusko Jaurlaritzako zenbait teknikarirekin izandako bilera batean izan zuten horren berri, eta "ezin sinetsita" daude. Jasotzen ari diren tratua gogor salatu du Aizpuruk. "Balio handiko txostena da eta kajoi baten gordeta izan dute. Posible al da? Ez dago eskubiderik, ikaragarria da, ez daukat hitzik. Esango dute biktima guztiak berdin tratatzen gaituztela", adierazi du.
Halaber, gogora ekarri du 2019an Jaurlaritzak agindu ziena: "Giza Eskubide eta Memoria Zuzendaritzaren eta Gogoraren balorazio batzordea Pasaiako sarraskia lantzen hasiko zela, eta, beharbada, urte amaierarako aitortza ofiziala egiteko moduan izango zirela". Pozik jaso zutela berria aitortu du, baina "gaur arte". Ez da gaia landu, eta ez da aitortzarik iritsi. Are gehiago, kasua epaitegietan zabalik dagoen bitartean —Joseba Merino Pasaiako badiatik bizirik atera zen Komando Autonomo Antikapitalistetako kide bakarraren ekimenez auzia berriro zabaltzea lortu da—, ezin diotela gaiari heldu jakinarazi diete senitartekoei Gasteizko Gobernutik.
Bere aldetik, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak azaldu du ulertzen duela biktimen familien mina, eta gehitu du inolaz ere ez diola txostena familiari ezkutatu, balorazio batzordean eman behar ziola uste duelako.
Omenaldiak
Agertoki horrekin, urteurrenaren jiran hainbat ekitaldi antolatu dituzte Pasaian gertatutakoa gogoratzeko. Gaur lore-eskaintza egin dute Azpeitian, Enparan Dorretxearen atzean dagoen monolitoan, eta larunbatean, ekitaldi berezi bat antolatu dute, hori ere, Azpeitian. Ekitaldi horretan, senitartekoek orain ezagutu duten txosten horren inguruko iritzia emango dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak ukatu egin du CNIren txostenik egon zela.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.
Zergatik alda dezake hesi berriak Ceutako mugaren kudeaketa?
Azpiegitura berriak 500 metro ditu, eta berehalako itzulketen inguruko auzi juridiko bati erantzun nahi dio.
Marlaskaren arabera, Maroko "ez da mehatxua", eta Ceutara iritsitako migratzaileek ezingo dute euren egoera erregularizatu
Barne ministroak adierazi du Espainiako Gobernua lanean ari dela uztailaren 30ekoa bezalako sarrera masiborik berriro gerta ez dadin, baina onartu du ezin duela bermatu halakorik berriro ez gertatzea.
Sanchezek EBko Barne ministroen premiazko bilera eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren harira
Espainiako Gobernuko presidenteak "kezka larria" helarazi dio Ursula von der Leyeni Europako zenbait gobernuren erreakzioagatik, eta Italiak iragarritako mugen itxiera gogor kritikatu du.