EAJk, EH Bilduk eta Podemosek bat egin dute Baterarekin Aberri Egun bateratuaren alde
EAJko, EH Bilduko, Podemos Euskadiko, ELAko, LABeko eta bestelako eragile sozial eta kulturaletako ordezkariek bat egin dute gaur Batera plataformak Donostiako Miramar Jauregian antolatu duen ekitaldian, Aberri Egun bateratuaren alde.
Hala, eguerdiko ekitaldian izan dira, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Joseba Egibar, EAJkoak; eta Maddalen Iriarte ahaldun nagusigaia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategaia, EH Bildukoak.
Musika eta bestelako ikus-entzunezko emanaldiak antolatu dituzte Bateraren "Bagera bagara" ekimenaren inguruan, hau da, Aberri Egun bateratua lortzeko ahaleginaren inguruan.
Estitxu Garayk eta Ibai Zabalak idatzi bat irakurri dute Bateraren izenean, eta "herri erronkei aurre egiteko" batasuna aldarrikatu dute. "Gure aurreko belaunaldi guzti hauek izan zirelako gara gaur hemen", adierazi dute, eta gehitu dutenez, "inoiz eten ez den kate baten azkeneko katebegia garela gogorarazten digute, etorkizunean honi lotuko diren katebegi berriek segida emango diotena".
Horren harira, azpimarratu dutenez, "gure gizartearena da, gurea, katea ez etetearen ardura historikoa, ez beste inorena. Eta historiaren zama hori eraman ahal izateko euskal herritar ororen bizkarrak dira beharrezko".
"Nondik gatozen behar dugu jakin, beldurrik gabe nor garen zer garen esateko: eta gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara!", nabarmendu dute, "nondik gatozen" ez ezik, "nora goazen" adostu beharra dagoela aipatu aurretik.
Era berean, aitortu dute Euskal Herria "estaturik gabe, zatiturik, eta nazio gisa gutxiagotuta" iritsi dela XXI. mendera, eta horregatik, "erronka itzelak" dituztela aurrean.
Ezinbestekotzat jo dute "non gauden eta, batik bat, nora joan nahi dugun" adostea. "Gu bezalako herri txikientzako oinarrizko kontuetan batasuna ezinbesteko baita, eta zatiketa baimendu ezin dugun luxua", berretsi dute.
Hori dela eta, "testuinguru historikoak" behartu egiten omen du "batasun hori lantzera, eta azken urteetan izandako aldaketek horretarako baldintzak sortu dituzte".
"Euskal Herria aintzat hartzen dugunon batasunaren unea da hau", errepikatu dute, eta Aberri Egunak "desberdintasunetik batasunerako deiadarra" izan behar duela.
"Batasuna jendarte parekide eta aurreratua eraikitzeko, elkartasuna eta gisa kohesioa ardatz. Batasuna herriaren bihotz taupada indartzeko. Batasuna Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek erabaki dezaten, euskal jendarteak bere aniztasunean erabakimen osoa izan dezan", azaldu dute.
Hori horrela, amaitu dute esanaz "denon artean, desberdintasunen errespetutik, herri honek XXI mendeko erronkei aurre egiteko behar duen gutxieneko zoru amankomuna eraiki beharra" dagoela.
Zure interesekoa izan daiteke
Perez Iglesiasek ohartarazi du Bilboko indarkeriak "krosko-zirrikitua" ireki duela demokrazian
Martuteneko espetxea zegoen lekuan etxebizitzak egiteko erakunde arteko akordioa aste honetan lor lezakete
Zozkatu dira Donostiako eta Gasteizko hauteskunde-mahaietako kideak ere
Denis Itxaso: “Etxegabetze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"