"Euskadi globala" jomuga, "ongizatean haztea" dute helburu jeltzaleek eta sozialistek
EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza berria osatzeko programa akordioak bost ardatz eta 32 jardun arlo izango ditu "Euskadi globala eraikitzeko" asmoz. Gaur goizean sinatutako dokumentuak "Ongizatean hazi" du izenburutzat, eta bi alderdiek XIII. legegintzaldirako dituzten lehentasun eta lan ildoak marraztu ditu. Bihar, inbestidura saioan ezagutaraziko dute ituna bere osotasunean, baina gaur prentsari igorri diote horren aurrerapena.
Itunaren oinarriei dagokionez, ongizatearen oinarri diren "osasuna, hezkuntza, enplegua, etxebizitza, segurtasuna eta gizarte zerbitzuak bezalako esparruak hobetzen jarraitzeko" ekimenak aipatu dituzte lehenik bi alderdiek. Era berean, Euskadiren berrindustrializazioa bultzatzea lehenetsi dute, "ekonomia berriak industria-ehun moderno, dinamiko, garatu eta iraunkor bat" garatzeko aukerak baliatuta eta "kalitatezko enplegua" bermatuta.
Hirugarren ardatza "trantsizio energetiko ordenatu eta koordinatuari" dagokio, euskal produkzio-sektoreak finkatutako helburuak lortu eta "gure etorkizuna arriskuan jar" ez dezan.
Bizikidetzaren alorrean, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren zein LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen aldeko defentsa egingo da, baita "iraganarekiko memoria kritikoa eta biktimekiko solidarioa eraikitzekoa" ere. Ildo horretan, biktima guztien aintzatespen osoa azpimarratzen da.
Autogobernua hizpide, EAJk eta PSE-EEk bi helburu zehaztu dituzte. Batetik, Gernikako Estatutua osorik betetzea eta Estatutu Itun berri bat egiteko oinarriak lortzea. Azken horretarako, Eusko Legebiltzarrean "negoziazioaren, akordioaren eta ahalik eta adostasun politiko handiena" bilatuko dute, horren "eskumenaren eta indarrean dagoen legeriaren esparruan". Era berean, lehentasunezko helburu gisa ezarri dute "Euskadiren nazioartekotzeak dituen etorkizuneko aukerak aprobetxatzea".
Akordio zabala, Osakidetzaren izena ona berreskuratzeko
Lehen ardatzaren baitan ("Pertsonak erdigunean" deitu diote), bi alderdiek uzte dute, Osakidetzaren profesionalekin hitz eginez, beharrezkoa dela osasunaren inguruko "akordio zabal" bat adostea etorkizuneko erronkei aurre egin eta sistema hobetzen jarraitzeko. Azken horren kontura, honakoak aipatu dituzte: Arreta espezializatuko
kontsultetan itxaron-zerrendak murriztea eta proba diagnostikoak eta ebakuntza kirurgikoak eta lehen mailako arretako lan-karga hobetzea. Azken helburua, diotenez, "Osakidetzak euskal gizartean betidanik izan duen izen ona berreskuratzea" da.
Gizarte politikoei dagokienez, erronka jarri dute "zeharkako gizarte-politiken paradigma berri batean aurrera egitea, ikuspegi integral batekin, eta inor atzean utziko ez duena". Bestalde, "etxebizitza duin, egoki eta eskuragarria" izateko aukera eman nahi diete "merkatu librean etxebizitzarik eskuratzerik ez duten pertsonei", batez ere gazteriari eta baliabide gutxiko banakoei.
Hezkuntza arloan, aurreko legegintzaldian onartu zen legeari egiten zaio aipamena, Euskal Hezkuntza Sistemari "egonkortasuna eta izaera estrategiko berria" emango diola nabarmenduta. Legeekin batera, Ertzaintza segurtasunaren "funtsezko zutabeetako" bat dela diote EAJk eta PSE-EEk, eta ildo horretan, azpimarratu dute polizia aurrea hartu behar diela delitu-modalitate berriei, eta, horretarako, bere antolamendua, giza baliabideak eta baliabide teknologikoak eta funtzionamendua egokitu behar dituela. Bestalde, euskara bultzatu eta euskal hiztunen kopuru hazten jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi alderdiek, baita Europan hizkuntza ofiziala izatekoa ere. Kultura, gazteria (emantzipazioa zentroan jarrita) eta erronka demografikoaren inguruko ekimenak aurreikusi ditu dokumentuak.
Berrindustrializazioa, "lehiakortasun iraunkorrerantz"
Bigarren ardatzean ( "Hazteko eta ongizatea areagotzeko eredua" izenpean), kalitatezko enplegua eta soldata justuak "lehentasun ukaezinak" direla aitortuta, Euskadiren berreindustrializazioaren aldeko apustua egin dute biek. Helburua "lehiakortasun iraunkorra" lortzea da, funtsezko hiru trantsizioen inguruan: energetikoa, soziala eta teknologiko-digitala.
Testuaren arabera, hiru trantsizio horiek baliatu behar dira industria berritzeko eta eraldatzeko. Zentzu horretan, hurrengo Jaurlaritzak laguntza emango die "baliabideak erabiltzean eta ingurumen-aztarna sortzean jarduera iraunkorrago baten aldeko apustua" egiten duten enpresei eta proiektuei.
Halaber, berrikuntzaren garrantzia nabarmendu dute eta erronka bat ezarri: Euskadi Europako berrikuntza-polo bihurtzea. Adimen artifizialak ematen dituen aukerak ere aprobetxatzeko deia egin dute.
Hirugarren ardatz gisa ("Trantsizio energetikoa eta jasangarritasuna"), trantsizio energetiko "ordenatu eta koordinatu" baten aldeko apustua egin dute biek ala biek. Era berean, autokontsumo partekatua babestu dute, energiaren ekoizpenari etekin handiena ateraz eta balio katean sartu ezin diren hondakinak aprobetxatuz, balorizazio energetikoaren bidez energia sortzeko. Aipagarria da, bestalde, "hiri-garapeneko eredu berria" aldarrikatzen dutela. Defendatu dutenez, beharrezkoa da dagoeneko eraikitako hirian zentratzea, hedapen berrien gainetik formula hori lehenetsiz. "Herri eta hiri trinkoagoak, jasangarriagoak, bizikidetasun-gune gehiago dituztenak behar dira, merkataritza gehiago eta topaleku gehiago barne hartuko dituztenak. Halaber, Euskal Hiria kontzeptuan aurrera eginez, hobeto konektatutako Herri eta hiriak behar dira", diote.
"Bizikidetza, memoria eta giza eskubideak" ardatzean (laugarrena), bi alderdiek honakoa nabarmendu dute: "Gatazkak konpontzeko edo ideiak inposatzeko bitarteko gisa indarkeriaren onarpen sozialaren hondar oro desagerrarazi behar dugu". Hori horrela, "iraganarekiko memoria kritikoa eta biktimekiko solidarioa" aldarrikatu dute. "Memoria horrek inolako zalantzarik gabe aitortzen du terrorismo edo indarkeria mota orok eragindako kaltearen bidegabekeria", zehaztu dute.
"Leialtasunetik", autogobernua garatzeko "kronpromisoa"
Autogobernuari buruzkoa da bosgarren eta azken ardatza. "Konpromiso argia" azaldu dute bi aldeek "egonkortasun instituzionalaren eta autogobernuaren garapenaren printzipioekin". Eredu hori "leialtasunez eta osagarritasunez" garatzen jarraitzeko borondatea jaso dute akordioan jeltzaleek eta sozialistek, "elkarrizketaren eta akordioaren bidez erakundeen egonkortasuna errazteko".
Ongizate handiagoren sinonimotzat jo dute autogobernua, eta duela bi legealdi martxan jarritako Autogobernu Lantaldeak finkatutako oinarriak abiapuntu hartzea hitzartu dute. Hori defendatzea eta burutzeke geratzen diren eskumenak erreklamatzea "funtsezko zutabeak" direla idatzi dute itunean, "estatutu-ituna eguneratzeko".
"Printzipio horien gainean, Euskadiko autogobernua zabaltzeko eta hobetzeko konpromisoa berresten da, honako konpromiso hauetan oinarrituta: lortutako autogobernuaren lege-garapena zabaltzea, lortutako autogoberna defendatzea, indarrean dauden mekanismo politiko, juridiko eta instituzionalak eraginkortasunez erabiliz", dio testuak.
Zure interesekoa izan daiteke
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.
Sozialistak, Parisko Alkatetzari eusteko moduan
Emmanuel Gregoire buru duen ezkerreko koalizioak irabazi du, eta Anna Hidalgoren lekukoa hartzen saiatuko da bigarren itzulian.
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Madrilen bilduko dira aireportuen aldebiko kudeaketa negoziatzeko
Ubarretxenak argi utzi du Jaurlaritzak ez duela onartuko Estatuak ostiralean egindako kontra-proposamena, Jaurlaritzak egindako "eskakizun guztiak bertan behera" utzi baititu. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, ordea, baikor azaldu da, akordioa lortuko delakoan.