Kataluniako Barne kontseilariak "jarrera desegokia" edukitzea egotzi dio Puigdemonti
Joan Ignasi Elena Kataluniako jarduneko Barne kontseilariak aitortu duenez, Esquadra Mossoek ez zuten espero Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren "jarrera desegokia" (ihes egin zuen). Hori horrela, "Estatu izaera ez izatea" eta "inbestidura saioa zapuzten saiatzea" leporatu dio Juntsi. "Ez geunden prestatuta jarrera desegoki horretarako, inor ere ez dago prestatuta", nabarmendu du.
Elenak agerraldia egin du gaur, Pere Ferrer Poliziaren zuzendari nagusiarekin eta Eduard Sallent Esquadra Mossoen komisarioburuarekin batera, Puigdemonten ihesa saihestu ez zuen polizia dispositiboaren inguruko argibideak emateko.
Carles Puigdemonten agerraldiaren ostean, hiru mosso atxilotu zituzten Generalitateko presidente ohiaren ihesaldiarekin zerikusia izan zutelakoan. Horietako lehenengoa ostegunean bertan utzi zuten aske, atxilotu eta ordu batzuetara; bigarrena, aldiz, ostiralean utzi zuten libre. Azkenik, hiru mossoak libre dira, larunbatean askatu baitute hirugarrena.
Kontseilariaren agerraldiak kutsu politiko handia izan du, eta zehaztu du Salvador Illaren inbestidurarako prestatutako polizia dispositiboa "dimentsionatua" zegoela. Horren arabera, operazioak hiru helburu zituen: Kataluniako agintari gorena izandakoa atxilotzea, inbestidura saioa bermatzea eta iragarritako mobilizazio "antagonikoei" (Juntsek eta elkarte independentistek deitutakoa, batetik, eta Voxek antolatutakoa, bestetik) aurre egitea. Elenak aitortu du lehen helburua (Puigdemont atxilotzea) ez zutela bete, eta ikerketa agindu du "dispositiboaren nondik norakoak aztertzeko eta zerk egin zuen kale argitzeko".
Bestalde, Eduard Sallent Esquadra Mossoen komisarioburuak Puigdemonten itzuleraren eta ondorengo ihesaren nondik norakoak kontatu ditu. Euren eginbeharra epaileen aginduak betetzea dela azpimarratu du, baina atxiloketa, "proportzionaltasun-printzipiori jarraikiz, lekurik egokienean" egin behar zutela. Nolanahi ere, erabat ukatu du presidente ohiaren gertukoekin akordiorik egin izana: "Guk ez dugu ezertxo ere adostu".
Sallentek aitortu du gertakariak "aurreikusitakoaren kontrara" jazo zirela, eta horren harira ohartarazi duenez, "ez ginen izan hura aurreikusi ez genuen bakarrak". Horren hitzetan, Puigdemont "Kataluniako bigarren agintariak" (Josep Rull Parlamentuko presidentea) eta presidente ohi andanak lagunduta heldu zen Lluis Companys pasealekura, "atxiloketa saihesteko helburu argiarekin". Sarrera "azkar" horren ostean, lau minutuko hitzaldia eman zuen, eta "arin batean" joan zen eszenatokitik. Une horretan saiatu ziren mossoak Puigdemont atxilotzen, horren esanetan. "Jende olde batek —4.500 pertsona zeudela zehaztu du— eragotzi zigun", erantsi du. Horren esanetan, ekitaldiaren antolatzaileek karpa bat paratu zuten, "bridekin itxita". Handik gutxira, Puigdemont eta Turull kotxe zuri batean sartzen ikusi zituzten, eta haren atzetik joan baziren ere, Bartzelonako saihesbidean galdu zioten arrastoa.
ANCk "neurrigabekeria" salatu du
Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC) Poliziak Ciutadellako sarrerako atean ostegunean izandako jokabidea salatu du; Carles Puigdemonten agerraldiaren ostean eta Kataluniako Parlamentuko inbestidura saioa izan artekoa. Aurkeztutako gutunean, erakundeak Poliziaren "neurrigabekeria" salatu du.
ANCren arabera, mossoek piperbeltz gasa jaurti zieten bertan bildutako manifestariei, inolako indarkeriarik izan ez zen arren.
Horrenbestez, Kataluniako Asanblada Nazionalak "gertakariak ikertzeko eta erantzukizunak argitzeko" eskatu du.
Puigdemonten bila jarraitzen dute
Mossoen komisarioburuak azpimarratu duenez, Puigdemont politikaria den aldetik, "ekintza politiko bat egin behar zuela uste genuen. Ez da Jodorovitx, ezta talde kriminal bateko kidea ere. Uste genuen berak iragarri zuena egingo zuela: Parlamentura joango zela botoa ematera".
Presidente ohia Estatutik kanpo ote dagoen baieztatzerik ote duten galdetuta, Sallentek esan du ez dutela hori esateko "inongo elementu objektiborik", eta erantsi ez diotela "desinformazioari sinesgarritasunik ematen". "Gure eskumenetik kanpo dagoen eremu batean dagoela baieztatu arte, haren bila jarraituko dugu atxilotzeko agindua betetzeko", nabarmendu du.
Era berean, Puigdemonti bere ihesean lagundu ei zioten bi mossoen jarrera gaitzetsi du: "Jokabide gaitzesgarri eta onartezina da, iraina. Ez dute merezi uniformea jantzita eramatea".
Azkenik, Pere Ferrer Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak aitortu du atzokoa "oso egun gogorra" izan zela. "Mossoek ez dute halakorik merezi", adierazi du. Horren ustez, "legitimoa da Amnistiaren Legea betetzen ez dela salatzea, baina ez da onargarria salaketa hori Mossoak higatu, mindu eta iraintzeko egitea".
Zure interesekoa izan daiteke
Etxebarriak defendatu egin du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.
Zergatik alda dezake hesi berriak Ceutako mugaren kudeaketa?
Azpiegitura berriak 500 metro ditu, eta berehalako itzulketen inguruko auzi juridiko bati erantzun nahi dio.
Marlaskaren arabera, Maroko "ez da mehatxua", eta Ceutara iritsitako migratzaileek ezingo dute euren egoera erregularizatu
Barne ministroak adierazi du Espainiako Gobernua lanean ari dela uztailaren 30ekoa bezalako sarrera masiborik berriro gerta ez dadin, baina onartu du ezin duela bermatu halakorik berriro ez gertatzea.
Sanchezek EBko Barne ministroen premiazko bilera eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren harira
Espainiako Gobernuko presidenteak "kezka larria" helarazi dio Ursula von der Leyeni Europako zenbait gobernuren erreakzioagatik, eta Italiak iragarritako mugen itxiera gogor kritikatu du.
Espainiako Gobernuak hesi bat jarri du Ceutan, mugako morruan
Auzitegi Gorenak ebatzi zuen "mugako elementuak" gainditzen dituztenak bakarrik itzul daitezkeela heldu eta berehala. Hesia jarrita baldintza hori bete nahi dute.
Milaka migratzaile Marokora itzuli dira jada, Ceutara masiboki iritsi ondoren
Armadak bere tankeak jarri ditu kai-muturretik hirirako sarbidean, sakabanatzea eragozteko. Hildako etorkinak 57 dira jada. Pedro Sanchezek Espainiaren lurralde-osotasuna urratu dutela salatu du Ceutatik.