Servinabar enpresaren % 45aren jabe Cerdan zela dioen dokumentu bat aurkitu du UCOk
Guardia Zibilaren UCO unitatearen arabera, Nafarroako eraikuntza enpresa hori dago obra publikoen legez kanpoko esleipenekin lotutako ustezko ustelkeria sarean.
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak pasa den astean egindako miaketa batean aurkitutako dokumentu baten arabera, Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkari ohia Servinabar enpresaren % 45aren jabe zen. Nafarroako enpresa hori nahastu dute, hain zuzen ere, obra publikoen legez kanpoko esleipenekin lotutako ustezko ustelkeria sarean.
Servinabar Nafarroako eraikuntza enpresaren egoitzan eta hainbat etxebizitzatan egindako miaketatan dokumentu eta material ugari atzeman du UCOk. Joseba Antxon Alonso Egurrola Servinabar enpresaren jabearen etxean egindako miaketan, esaterako, enpresaren partaidetzaren zati bat Cerdani salerosi ziola egiaztatzen zuen eskritura bat aurkitu omen zuten.
Aipaturiko dokumentu horrek dioenaren arabera, Alonsok Servinabar enpresaren 1.350 partaidetza (% 45) eskualdatu zizkion Cerdani 2016ko ekainaren 1ean —ikertzaileen esanetan, ustezko ustelkeria sarea lanean hasi eta urtebetera—.
UCOk Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministro ohiari, Koldo Garcia haren aholkulariari eta Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkariari leporatu die ustelkeria sare bat osatzea eta legez kanpoko komisioak jasotzea, kontratu publikoen esleipenen truke.