Legegintzaldiak behea jotzeko arriskua ikusten du Sumarrek, PSOEren "immobilismoagatik"
Cerdanen espetxeratzeak eragindako krisia dela eta PSOErekin legealdiaren etorkizuna aztertzeko bi ordu eta erdiko bilera egin ostean, Sumarren bozeramaileak esan du PSOE ez dela egoeraren "larritasunaz ohartu".
Sumarrek uste du Santos Cerdan kartzelan sartzeak egonkortasun politikoa arriskuan jarri duela, eta "legealdiak hondoa jotzeko arrisku handiena" PSOEren "immobilismoa" dela. Sumarren aburuz, ez sozialistak ez dira egoeraren "larritasunaz ohartu".
Hala azaldu die kazetariei Ernest Urtasun Sumarren bozeramaile eta Kultura ministroak, Cerdanen espetxeratzeak eragindako krisiaren ondoren legealdiaren etorkizuna aztertzeko PSOErekin egindako bi ordu eta erdiko bileraren ostean.
Azaldu duenez, hitzordu horretan Sumarrek hainbat neurri aurkeztu dizkio PSOEri, egoerari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen dituenak, eta orain guztia sozialisten esku dagoela uste du: "Pilota bere teilatuan dago", esan du.