SAREk presoen eskubideekiko konpromisoa berretsi eta haien aldarrikapena "kriminalizatzeko" saiakerak salatu ditu
Halaber, biktimen mina eta sufrimendua helburu politikoekin erabiltzea deitoratu du, eta gogorarazi du "biktima bakoitza bere sufrimenduaren jabe" dela eta errespetua, elkartasuna eta begirunea merezi dituela.
SAREren ekintza Andre Maria Zuriaren jaietan. Artxiboko argazkia: SARE
SARE herritarrak presoen eskubideen aldeko konpromisoa berretsi du, zenbait arduradun politikok azkenaldian egindako kritikei erantzunez. Ildo horretatik, "erabat demokratikoa" den aldarrikapen bat "kriminalizatzen" saiatzea egotzi die.
Duela 11 urte sortu zenetik, euskal presoei "salbuespen juridikoko eta espetxeetako politikak" aplikatu zaizkiela salatu du SAREk, eta politika horiek haien eskubideak urratzen dituztela.
Igande honetan azpimarratu duenez, bere erreibindikazio modua publikoa izan da beti, manifestazioen, prentsaurrekoen eta kartelen zein pankartez bidez egin du, eta jarduteko modu horri eutsiko diote bidezko irtenbide bat lortu arte.
Halaber, biktimen mina eta sufrimendua helburu politikoekin erabiltzea ere deitoratu du, "biktima bakoitza bere sufrimenduaren jabe" dela eta errespetua, elkartasuna eta begirunea merezi dituela gogoraraziz.
Testuinguru horretan, SAREk azpimarratu du bere aldarrikapenak ez duela inoiz biktimentzako kalterik eragin nahi izan.
“Aldarrikatzen duguna bidezkoa den ala ez kezkatu beharko lituzke, 'ETXERA' leloa duten pankartek kezkatu beharrean. Eskubide urraketa horiek arintzeko ahaleginik ez egitea da demokratikoki kezkagarriena", gaineratu du oharrean.
Azkenik, SAREk berretsi du "benetako bakea" lortzeko eta gatazkaren konponbidean oinarritutako bizikidetza lortzeko borondatea duela, eta bide horretan "beti" arituko direla lanean ziurtatu du.