Sanchezek onartu du euskal industriari eragingo diola gehien Estatu Batuetako merkataritza gerrak
Espainiako Gobernuko presidenteak Europako merkatu bakarra bultzatzeko eta merkataritza-harremanak dibertsifikatzeko beharra defendatu du, merkataritza-tentsioari aurre egiteko.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Europako merkatu bakarra bultzatu eta merkataritza harremanak dibertsifikatu behar direla defendatu du asteazken honetan Kongresuan, Estatu Batuetako administrazioak irekitako merkataritza gerrari aurre egiteko.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuari erantzunez, Sanchezek berretsi du ez duela "oso gogotsu hartu" Europako Batzordeak eta Estatu Batuek lortutako akordioa, eta azpimarratu du Espainia ez dela arrisku gehien dituen herrialdeetako bat, nahiz eta onartu duen Euskadik beste erkidegoek baino eragin handiagoa jasango duela.
Aizpuruak 700 milioi euroko galerak aurreikusi ditu euskal industriarentzat, automobilgintza bezalako funtsezko sektoreetan, eta eragin horiek arintzeko neurri zehatzagoak eskatu ditu. Diputatuak irmotasun handiagoa eskatu dio Espainiako Gobernuari, bere ustez mendekotasun politiko eta ekonomikoa dakarren akordio baten aurrean.
Sanchezek, bere aldetik, nabarmendu du lehentasuna merkatuak dibertsifikatzea eta aliatu komertzial berriak bilatzea dela, eta gogorarazi du merkatu bakarrean trabak kentzea zerbitzuen eta manufakturen muga-zergen jaitsiera handi baten parekoa izango litzatekeela, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera.