Begoña Gomez herri epaimahai batek epaitzea proposatu du Peinado epaileak, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita
Datorren larunbatean epaitegira joateko dei egin dio, 18:00etan, aurretiazko agerraldia egin dezan. Espainiako Gobernuak Peinadoren erabakia kritikatu du, "surrealista" dela iritzita, eta epaimahai inpartzial batek "gauzak dagokien tokian" jarriko dituela espero du.
Pedro Sanchezen emaztea, Begoña Gomez, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
Begoña Gomez Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren emaztea herri epaimahai batek epaitzea proposatu du Juan Carlos Peinado epaileak, baldin eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta epaitzen badute.
Euskadi Irratiak jaso duen autoaren arabera, Peinado epaileak ondorioztatu du Espainiako Gobernuak diru publikoa bidegabe erabili zuela Gomezentzat aholkulari bat kontratatu zuenean.
Gomez ez ezik, Cristina Alvarez aholkularia eta Francisco Martin —Espainiako Gobernuaren ordezkaria Madrilen— daude inputatua.
Hiru inputatuak datorren larunbaterako, hilak 27, deitu ditu, karguak modu ofizialean jakinarazteko.
Hala ere, erabakia ez da irmoa eta aldeek helegitea aurkez dezakete.
Espainiako Gobernuak Peinadoren erabakia kritikatu du
Pilar Alegria Espainiako Gobernuaren bozeramaileak erabakia "surrealista" dela iritzi dio Diputatuen Kongresuko pasilloetan.
Felix Bolaños Presidentzia ministroak, bere aldetik, epaimahai inpartzial batek "gauzak dagokien tokian" jarriko dituela espero du.