Cerdan espetxeratzeak Belateko lanekin "zerikusirik ez" duela azpimarratu du Chivitek
Nafarroako Gobernuko presidentearen ustez, PSOEren diputatu eta Antolakuntza idazkari ohia Nafarroako azpiegiturekin "arduratuta" zegoen, eta Nafarroako diputatu zen heinean, ministerioekin izan zituen batzar batzuetan parte hartu zuela.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak argi utzi du Santos Cerdan PSOEren diputatu eta Antolakuntza idazkari ohia espetxeratzea eragin duen prozesuak ez duela "zerikusirik" Belateko tunelen obren esleipenekin.
Maria Caballero UPNren senatariak Cerdanek obra horietan izan dezakeen interesari buruz galdetu dionean, Cerdan Nafarroako azpiegiturekin "arduratuta" zegoela erantzun du presidenteak, eta, horregatik, eta diputatua zelako, biak joan zirela ministerioekin izandako batzar batzuetara.
Chivitek ukatu egin du, 'Koldo auzia' ikertzeko Senatuko batzordean, lan publikoetarako enpresen kontratazioetan esku sartu izana.
"Nik ez dut kontratazioen erabakietan parte hartzen", azpimarratu du Foru Gobernuko presidenteak.
Chivitek ziurtatu du "inoiz ez" ziela administrazioko arduradunei presio egin Belateko tunelen obren esleipena dela eta, eta gogorarazi du mila obra baino gehiago lizitatu direla presidente denetik.
Esan du espero duela esleipen prozedura hori "berme juridiko osoz" egin izana, eta Caballeroren kontra egin du, Kontuen Ganberak (Nafarroako kontu auzitegiak) eta Kontuhartzailetzak "irregulartasunak" baino ez dituztelako antzeman: "Ez da legez kanpoko terminoa agertzen".