Falangeren elkarretaratzearen sustatzaileari espedientea ireki dio Ertzaintzak
Falangeren kontzentrazioan parte hartu zutenen eta kontramanifestazioan parte hartu zuten taldeen artean izandako istiluak argitzeko ikerketak aurrera jarraitzen du.
Ertzaintzak espediente bat ireki dio Falange Española taldeak Gasteizen igande honetan egin zuen elkarretaratzearen sustatzaileari, Hiritarren Segurtasun Legea ez omen duelako betetzen, Francoren garaiko ikurrak erabili baitzituzten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazken honetan baieztatu du espedientea ireki dela. Bitartean, Falangeren elkarretaratzean parte hartu zutenen eta kontramanifestazioan parte hartu zuten taldeen artean izan ziren istiluak argitzeko ikerketak jarraitzen du.
Ertzaintzak esku hartu zuen istiluetan 40 bat pertsona zauritu ziren, 20 agenteak ziren, eta 19 lagun atxilotu zituzten. Ondoren, aske utzi zituzten. Kalte materialak eragin zituzten, edukiontziak erre eta ibilgailu eta saltokietan kalteak eragin zituzten, besteak beste. Gasteizko Udalaren kalkuluen arabera, 10.000 bat euroko kaltea eragin dute.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi du Ertzaintzaren dispositiboa ez zela nahikoa izan istiluak eragozteko.
Zure interesekoa izan daiteke