Francisco Franco Fundazioa desegitea eskatzeko prozesua abiatu du Espainiako Gobernuak
Prozedura abiatu duela jakinarazi dio Kultura Ministerioak Francisco Franco Fundazioari. 37 orrialdeko ebazpen batean azaldu ditu desegitearen arrazoiak: frankismoaren apologia egitea eta biktimak umiliatzea, besteak beste. Fundazioak 10 egun baliodun ditu Ministerioaren aurrean alegazioak aurkezteko.
Francisco Franco Fundazioaren egoitza, Madrilen. Artxiboko argazkia: Europa Press
Espainiako Gobernuak pauso bat eman du Francisco Franco Fundazioa desegiteko asmoz. Zehazki, aipatu fundazioari ostiral honetan jakinarazi dio desegitea eskatzeko prozedura abiatu duela, frankismoaren apologia egitea, biktimak umiliatzea eta interes orokorreko helbururik ez duten jarduerak egitea argudiatuta. Dena den, Justiziak izango du azken hitza.
Fundazioaren itxiera eskatzeko izapideak iazko ekainean hasi zituen Espainiako Gobernuak, Kultura Ministerioaren bitartez informazioa biltzen hasi zenean.
Kultura Ministerioak txosten bana eskatu zien fundazioen erregistroari eta Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari, Espainiako Gobernuaren ustez, fundazioei buruzko legea eta memoria demokratikoari buruzko legea betetzen ez dituela iritzita.
Txosten horiek jaso ondotik, Kultura Ministerioak beste pauso bat eman du fundazio hori desegitea eskatu duela jakinarazita.
Francisco Franco Fundazioak 10 egun balioduneko epea du orain Kultura Ministerioaren ebazpenaren aurka helegitea aurkezteko.
Frankismoaren apologia egitea eta biktimak umiliatzea
37 orrialdeko ebazpen batean azaldu ditu Ministerioak desegitearen arrazoiak: frankismoaren apologia egitea, biktimak umiliatzea eta interes orokorreko helbururik ez izatea, eta zuzenean edo zeharka gorrotoa edo indarkeria bultzatzea.
Kautelazko neurriak
Kultura Ministerioko eta Lurralde Politika eta Memoria Demokratikorako Ministerioko iturriek gaineratu dutenez, froga "nahikoak eta nabarmenak" bildu eta aurkeztu dituzte prozesu horren ardura duen epaileak erakundea desegin "beste aukerarik izan ez dezan".
Fundazioaren jarduera mugatzeko edo eteteko kautelazko neurriak ere eskatuko dituzte, epaileak behin betiko erabakia hartu bitartean.