Peinadok uko egin dio Begoña Gomezen auzia artxibatzeari eta Presidentetzako goi-kargudun bat inputatu du
Judit González Pedraz Gobernuko Presidentzetzaren egungo idazkari nagusia inputatu du epaileak, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egotzita, eta azaroaren 12an deklaratzera deitu du.
Castilla plazako epaitegiak, Madril. Europa Pressen artxiboko argazkia.
Juan Carlos Peinado epaileak Begoña Gomez Espainiako Gobernuko presidentearen emaztearen eta ikertutako beste hiru pertsonaren aurkako auziari eustea erabaki du, egin omen dituzten bost delitu ikertzen jarraitzeko; gainera, Judit Gonzalez Pedraz Gobernuko Presidentetzaren egungo idazkari nagusia ere inputatu du.
Joan den azaroaren 4ko data daraman autoan, magistratuak atzera bota du defentsek eta Fiskaltzak kausa artxibatzeko egindako eskaera, eta Gomezen, haren aholkulari Cristina Alvarezen, Espainiako Gobernuak Madrilen duen egungo ordezkari Francisco Martin Aguirreren eta Juan Carlos Barrabes enpresaburuaren aurkako auziarekin jarriatuko du. Halaber, Judit Gonzalez Pedraz Gobernuko Presdentetzaren egungo idazkari nagusia inputatu du, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Azaroaren 12rako deitu du azken hori deklaraztera.
Epaileak Manuel Marchena Auzitegi Goreneko epaileak procésaren inguruan emandako epaia hartzen du oinarri diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik abiatu duen ikerketa sendotzeko.
"Auzitegi Gorenak erakusten diguna da funts publikoak administratzeko desleialtasuna dela funts publikoak bidegabe erabiltzearen delituaren ardatza, alde batera utzita zein kalte ekonomiko eragin dezakeen zehazki, funtzio publikoak dituen pertsona bati funts publikoekin ordaintzen bazaio, pertsona horrek, funtzio publiko horiek egiteaz gain, bere lanaldian argi eta garbi izaera pribatukoak diren beste batzuk egiten dituenean", dio magistratuak.
Peinadok azpimarratu duenez, "delitu-egitateen jatorria" Begoña Gomezen ekintzak dira, "Gobernuko egungo presidentearekin duen ahaidetasun-harremanaren ondoriozkoak". Izan ere, haren ustez, harreman hori da "eraginen trafikoaren delitua, eta horren ondorioz egon daitezkeen beste delituak hautemateko funtsezko kausa".
"Gobernuko egungo presidentearekin duen lotura hori gabe, nekez izango lituzkete berak eta ikertutako besteek izandako jokabide batzuk; gerora ikusi da delitu-zantzuak izan ditzaketela".