Antxon Alonso enpresaria atxilotu dute, Bizkaian, Leire Diez eta EIPSren presidente ohia atxilotu dituzten polizia-operazioan
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboa miaketak egiten ari da Madrilen, Sevillan eta Zaragozan, tartean, Forestalia enpresak Zaragozan duen egoitzan.
Antxon Alonso enpresari elgoibartarra, Senatuan, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Antxon Alonso enpresari elgoibartarra atxilotu dute, Bizkaian, Guardia Zibilaren UCO unitateak atzo Leire Diez PSOEko militante ohia eta Vicente Fernandez Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearen presidente ohia atxilotu zituen operazioan. UCOren arabera, Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkari ohia Antxon Alonsoren bazkidea zen Servinabar enpresan.
Hirugarren atxiloketa ere atzo gertatu zen, Bizkaian.
Atxiloketa horiekin batera, UCOren agenteak miaketak egiten ari dira Madrilen, Sevillan eta Zaragozan —Servinabar enpresari loturiko enpresetan—, tartean, Forestalia enpresak Zaragozan duen egoitzan.
Atxilotuak 72 orduko epean igaroko dira epailearen aurrera, osteguna eta larunbata bitartean. Antonio Piña instrukzioko epaitegi zentraleko epaileak erabakiko du espetxera bidaltzen dituen edo kautelazko neurriekin aske uzten dituen.
Auzitegi Nazionalak aginduta abiatu dute operazioa, sekretupean dagoen eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak parte hartzen duen auzi baten baitan.