UCOk dokumentazioa eskatu du Correosen eta Ogasun zein Trantsizio Ekologikoko ministerioetan
Zehazki, kontratu eta dirulaguntzei buruzko dokumentazioa eskatu diete guardia zibilek, Leire Diezekin lotutako sarearen inguruko ikerketaren baitan. Prebarikazioa, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea eta erakunde kriminal bateko kide izatea leporatzen diete. Ikerketa zabalik dago oraindik.
Unitate Zentral Operatiboko (UCO) guardia zibilak kontratu eta dirulaguntzei buruzko dokumentazioa eskatu dute ostiral honetan Correosen eta Espainiako Gobernuko Ogasun eta Trantsizio Ekologikoko ministerioen mendeko erakundeen egoitzetan, Leire Diez militante sozialista ohiarekin lotutako sarearen inguruko ikerketaren baitan.
Hain zuzen ere, dokumentazio-errekerimendu horiek Auzitegi Nazionaleko 6 zenbakiko Epaitegi Zentralaren aginduz abian jarritako polizia-operazioaren parte dira. Testuinguru horretan atxilotu dituzte Leire Diez, Vicente Fernandez SEPIko presidente ohia eta Antxon Alonso enpresari elgoibartarra. UCOren arabera, Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkari ohia Antxon Alonsoren bazkidea zen Sevinabar enpresan.
Ildo horretatik, UCOk dokumentazioa eskatu zien atzo SEPI, Sepides, Enusa eta Mercasa enpresa publikoei, eta miaketak egin zituen Madrilen, Zaragozan, Sevillan eta Nafarroan.
Enpresa publiko horiez gain, agenteak Forestalia enpresak Zaragozan eta Madrilen dituen instalazioetara joan ziren; Conaudire aholkularitza fiskalera, edo Cemsal enpresara.
Sevillako taberna bat ere miatu zuten, ustez Vicente Fernandez SEPIko presidente ohiari lotuta.
Zehazki, prebarikazioa, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea eta erakunde kriminal bateko kide izatea leporatzen die epaileak, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Hori dela eta, ikerketa zabalik dago oraindik.
UCOk atxilotutako hiru pertsonak epailearen esku utziko dituzte larunbat honetan, eta asteazkenetik daude Guardia Zibilak Tres Cantosen (Madril) duen egoitzan.