CAFen kontrako protesta batek Bilboko tranbia geldiarazi du eta Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du
Atxilotuak identifikatzeari uko egin dio, Segurtasun Sailaren arabera. Atxilotzeko unean liskarra sortu da, eta Ertzaintzaren lau agente zauritu dira. Protestaren deitzaileek jakinarazi dutenez, hainbat pertsona zauritu dira, jasotako kolpeen ondorioz.
Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du eta hainbat identifikatu ditu gaur Bilbon, CAFek Israelekin dituen "kontratu guztiak berehala etetea eskatzeko" egindako protesta batean. Hainbat lagun Bilboko tranbiaren errailen gainean etzan dira, Bilboko Plaza Biribilean, eta, hori dela eta, tranbia zerbitzua tarte batez etenda geratu da.
Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, lau ertzain zauritu dira, kolpeak hartuta. Protestaren deitzaileen arabera, berriz, hainbat manifestari zauritu dira agenteak oldartu zaizkienean.
"Boikot Israel. Palestina askatu" lelopean egin dute protesta. Palestinako banderak eskuan, manifestariak tranbiaren errailen gainean jarri dira, horren bidea oztopatzeko.
Bertan bildutakoei altxatzeko galdegin diete agenteek. Segurtasun Sailaren arabera, manifestariek uko egin diote eskari horri, eta Ertzaintza protestariak identifikatzen hasi da orduan. "Atxiloketa egiteko unean, bildutako pertsonetako batzuek agenteei oldartu zaizkie", eta Ertzaintzak borrak erabili ditu sakabanatzeko. Lau agente eraman dituzte mutuara, kolpeak hartu baitituzte.
Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du, desobedientzia eta desordena publikoak egotzita. Atxilotua ertzain-etxera eraman dute, eta han ere uko egin dio bere burua identifikatzeari, Segurtasun Sailaren arabera.
Segurtasun Sailak agenteei egindako erasoa salatu du. "Bildutako lagunek ez dute ordena publikoa errespetatu, eta tranbiaren zerbitzua eten dute, erabiltzaile asko dauden sasoian. Gainera, euren lana egiten ari ziren agenteen kontra egin dute, indarkeria erabilita".
Protestaren deitzaileek ohar bidez jakinarazi dute hainbat ekintzailek "ubelduak" dituztela "Ertzaintzaren esku hartzeagatik", eta "protesta kriminalizatzeko ahalegina" salatu dute. Azkenik, atxilo hartutako emakumea aske uzteko galdegin dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Imanol Pradales atxilotutako gazteei buruz: "Nire alaba balitz, erantzukizunen bat hartuko nuke"
EHKSk Bilboko istiluetan parte hartu ez zuela dio: "Quiles ez etortzea lortu zenean, helburuak beteta zeuden"
Podemosek zuhurtzia eskatu du, baina ez du baztertzen infiltratutako poliziak edo ultraeskuindarrak egotea istiluen atzean
Mikel Irujo eta Aitana Duque EAJren hautagaiak izango dira Nafarroako Parlamenturako Geroa Bairen zerrendan
Deustu, istiluen biharamunean: 55.000 euroko kalteak zenbatu dituzte
ErNEk Alfonso Garaikoetxea kargugabetzea eskatu du, Bilboko istiluak direla eta
Insaustik ziurtatu du indarkeria ez dela itzuliko Donostiako kaleetara, Blocusen deialdien aurrean
Javier de Andrés: "Absentismo daturik txarrenak dituen erkidegoa gara"