Sanchezek legegintzaldia amaitzeko konpromisoa berretsi dio militantziari, eta "ausardia eta irmotasuna" eskatu ditu
Sanchez, PSOEren ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gutun bat bidali die igande honetan PSOEko militanteei, amore ez emateko eskatuz, "zailtasunak" izan arren, eta 2027an legegintzaldia amaitzeko bidean "ausart eta irmo" jokatzeko eskatu die.
"Une zaila izan arren, jakin ezazu tinko eusten diegula gure helburuei. 2026ari energiarekin, politika berriekin eta betiko anbizioarekin egin behar diogu aurre. Ez dugu etsiko. Aurrera jarraituko dugu", esan du Sanchezek, AEBk Venezuelaren aurka egindako erasoa "irmo" gaitzetsi duen gutunean.
Sanchezek errealitateari aurre egiteko eskatu die sozialistei, Espainiak "aurrera egiten" jarrai dezan, batez ere munduak eta Mendebaldeak "iragan izugarri hartara itzuli nahi duela dirudien honetan". "Badirudi konbentzitu nahi gaituztela bakearen eta aurrerapenaren aroa igaro dela, eta orain eskuinaren konplizitatearekin internazional ultraeskuindarrak agintzen duen atzerakadaren unea dela", ohartarazi du.
Horren harian ohartarazi duenez, PP-Vox koalizioak eraso egiten jarraituko du, "nahiz eta horrek egiaren eta demokraziaren mugak gainditzea ekarri".
Sanchezek esan du emaitzak alde dituela, azken zazpi urteotan "Espainiaren historia demokratikoko emaitza ekonomiko eta sozial onenak" lortu dituztelakoan.
Hala ere, jakitun omen da oraindik enpleguak sortu behar dituztela, soldatak igo, desberdintasun eta bidegabekeriak zuzendu. "Bide onetik goaz eta ezin gara gelditu", adierazi du.
Aurrera jarraitzeko beste arrazoi batzuen artean aipatu du Espainia bihurtu dela Europan internazional ultraeskuindarrak aurrera egiteko duen kontrapisurik handiena, baita bakea, nazioarteko zuzenbidea, ongizate estatua, lan-eskubideak, konpromiso klimatikoak eta feminismoa oraindik irmo defendatzen duten ahots bakanetako bat ere. "Aurrerakoiek aurrerapenaren alde borrokatzeko betebehar morala dugu, bereziki aurrerapena arriskuan dagoenean", esan du Sanchezek.
"Orain inoiz baino gehiago, konpromisoa eta kemena erakusteko unea da. Ez diogu uko egingo hautetsontzietan garbi irabazitako gure agindu demokratikoari. Ez diogu uko egingo legegintzaldi hau amaitzeari. Ez diogu uko egingo europar aurrerakoi guztientzako itxaropen eredu izateari", gehitu du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik