Pradales Sanchezekin bilduko da gaur, transferentzietan aurrera egiteko eta migrazio eta osasun politikak indartzeko
Lehendakaritzako iturriek zehaztu dutenez, "egoeraren balantzea" egingo dio Pradalesek Sanchezi, baina proposamenak ere jarriko dizkio mahai gainean, datozen hilabeteotako lan-ildoak zehaztuz. 17:30ean hasiko da bilera, Moncloa jauregian.
Imanol Pradales lehendakaria Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin bilduko da gaur, Moncloa jauregian, Madrilen. Oraindik eskualdatzeke dauden Gernikako Estatutuko eskumenen inguruan arituko dira, bereziki, bi mandatariak, baina osasun, migrazio edota segurtasun politikak ere izango dituzte mahai gainean.
Lehendakaritzako iturriek aurreratu dutenez, Pradalesek "egoeraren balantzea" egingo dio Sanchezi, baina "proposamenak" ere eramango ditu, datozen hilabeteotako lan-ildoak zehazteko. Besteak beste, tranferentzien egoera aztertu eta hartutako konpromisoak gogoraraziko dizkio Eusko Jaurlaritzako buruak presidente espainiarrari.
Horrez gain, osasun, migrazio edota segurtasun arloko politikak indartzeko premia ere helaraziko dio; tartean, osasungintzako langile kopurua handitzea proposatuko dio. Helburua, aipatutako iturrien arabera, aldebiko harremanak "Euskadin eta euskal herritarren ongizatean benetako inpaktua" izatea da.
Bi gobernuen arteko harreman markoa indartzea ere bada batzarraren asmoa, "elkarrizketa" erdigunean jarrita.
2024ko uztailetik, seigarren aldiz elkartuko dira Pradales eta Sanchez. Gaurko bilera 17:30ean abiatuko da, Moncloa jauregian.
Bi buruzagiak iazko uztailean bildu ziren azkenekoz, Lankidetzarako Bitariko Batzordearen baitan. Orduan hitzartu zituzten berriki (eta negoziazio tenkatu baten ostean) eskualdatu diren bost transferentziak.
BILERA
Lehendakariaren eta Espainiako presidentearen arteko bileraren bost gakoak
Imanol Pradalesek eta Pedro Sanchezek bilera egingo dute asteartean, Madrilen, Gernikako Estatutuko eskumenak eskualdatzeke daudela.