Santurtziko oposizioko alderdiek aho batez salatu dute alkateak haiek jo izana dimisioaren erantzule
Karmele Tubilla Artetxe Santurtziko alkateak dimisioa eman du "arrazoi pertsonal, profesional eta politikoengatik", eta gainerako alderdi politikoek EAJren irudia kaltetzeko erabiltzen ari direla salatu du.
Santurtziko Udalaren aurrealdea. Argazkia: EFE
Ezustean hartu dute Santurtziko Udaleko oposizioko alderdiek Karmele Tubilla alkatearen dimisioa, eta talde guztiek gogor kritikatu dute buruzagi jeltzaleak haiei leporatzea egoeraren ardura.
Goizean argitaratutako ohar batean jakinarazi du Tubillak dimisioa. "Arrazoi pertsonal, profesional eta politikoengatik" uzten duela kargua argitu ondoren, oposizioko alderdiei egotzi die EAJren irudia kaltetzeko erabiltzea alkatea.
Azaroan, Tubillak haren eginkizunetatik kendu zuen Sonia Lopez Segurtasun arloko zinegotzia, harengan zuen konfiantza hautsi baitzuen, sindikatuek udaltzain bati egindako igoera-azterketa baten ustezko filtrazioa salatu ostean.
Gaurko osoko bilkuran, gai hori zuten aztergaietako bat, eta ordubete lehenago zabaldu da dimisioaren berria.
EH Bildu: "EAJren aroa agortu da"
Berehala etorri dira oposizioko alderdien erreakzioak. Naiara Gutierrez EH Bilduren zinegotziak uste du alkatearen dimisioak agerian utzi duela "EAJren aroa agortu" dela. Haren hitzetan, Santurtzitik "kanpoko bulegoetan" ari dira erabakiak hartzen, eta kudeaketa horrek huts egin duela erakusten du egoera honek.
Gutierrez harrituta agertu da, alkateak oposizioa jo duelako dimisioaren errudun. Gogoratu du "gutxiengoan gobernatzea aukera zilegia" dela, baina "akordioak" ezinbestekoak direla aurrera egiteko, eta Santurtzin ez da halakorik egon, esan duenez.
Ustezko filtrazioaren inguruan Tubillak informazioa ezkutatu duela ere salatu du.
Naiara Gutierrez, EH Bildu. Argazkia EFE
PSE-EE: "EAJren proiektua agortuta dago"
Ildo beretik mintzatu da Juan Andrade PSE-EEren zinegotzia ere. Ziurtatu du alkateak berak eta talde jeltzaleak "zikindu" dutela EAJren irudia.
Ordezkari sozialistak, halaber, aitortu du "sorpresaz" hartu duela berria, eta komunikabideen bidez jakin izana kritikatu du. Hala, dimisioa emateko modua ez dela egokia izan esan du; alde egiteko modua eta agintzen egon denekoa alderatu ditu, "klase gutxi" erakutsi duela adierazteko. "Ezer esan gabe eta haizagailua martxan jarrita, ardura guztia oposizioaren bizkar utziz".
Juan Andrade, PSE-EE. Foto: EFE
Elkarrekin Podemos: "Berandu datorren berria, baina arduratsua"
Elkarrekin Podemosen ustez, Santurtziko Udaltzaingoaren lan-eskaintza publikoan gertatutakoa "larria" da, eta alkateak kargua uztea beharrezkoa zen. "Berandu" iritsi arren, "erabaki arduratsua" dela esan du talde moreak.
Jose Manuel de Pablo Elkarrekin Podemosen zinegotziaren arabera, Santurtziren izena "gardentasun ezarekin" zikindu dute udal arduradunek.
Jose Manuel de Pablo, Elkarrekin Podemos. Argazkia: EFE
PP: "Hauteskunde taktika"
Azkenik, Luis Angel Urdiales PPren zinegotziak hauteskunde usaina hartzen dio alkatearen dimisioari, eta "halabeharrez egindako mugimendua" dela uste du. "Kudeaketa eta proiektu eza estaltzeko mugimendua", esan du.
"Berandu, gaizki eta arrastaka" emandako urratsa izan dela ere adierazi du. Haren iritzian, erabakiaren atzean ez dago "arrazoi pertsonalik zein profesionalik". "Filtrazioarekin zer gertatu den ez dute azaldu nahi".
Luis Angel Urdiales, PP. Argazkia: EFE
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik