Gazteria Legearen erreforma urgentziaz onartzeari oztopoak jartzea aurpegiratu dio EAJk EH Bilduri
EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak koalizio subiranistari galdetu dio "zein den haren alternatiba", epeak irakurketa bakarreko prozeduraren bidez laburtu ezean.
Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, bart Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. EITB
Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak EH Bilduri aurpegiratu dio adingabeak babesteko legeei oztopoak jartzea, Gazteria Legearen erreforma irakurketa bakarreko prozedurarekin eta premiaz onartzearen kontra egiteagatik. Dena dela, uda aurretik onartzea espero du, batetik, udalekuen gaineko kontrol neurriak areagotzeko, eta, bestetik, adin txikikoen familiei lasaitasuna emateko. "Adingabeak babesteaz ari garenean ez dago denborarik galtzerik", nabarmendu du.
Radio Euskadin bart egin dioten elkarrizketan, Diez Antxustegik koalizio subiranistari galdetu dio "zein den haren alternatiba", epeak irakurketa bakarreko prozeduraren bidez laburtzen ez badira.
Legebiltzarkide jeltzaleak gaineratu duenez, Gazteria Legea premiaz aldatzearen aurka azaltzen diren horiek azalpenak eman beharko dizkiete "segurtasuna eta bermeak" eskatzen dituzten familiei.
Diez Antxustegik azaldu duenez, Legebiltzarrean lanean jarraituko dute legea "ahalik eta lasterren" aldatzeko. Halaber, nabarmendu du adingabeak babesteko eta familiei lasaitasuna emateko beste araudi edo lege ekintza batzuk jarriko dituztela martxan.