Rajoyk eta Cospedalek lekuko gisa deklaratuko dute gaur Kitchen auziaren epaiketan
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak lekuko gisa deklaratuko du gaur Auzitegi Nazionalean, Kitchen auziaren epaiketan. Ustez, Rajoyren Gobernuko Barne Ministerioak segurtasun indarrak erabili zituen Alderdi Popularraren B kontabilitatearekin lotutako frogak suntsitzeko.
Deklarazioa goizeko hamarretarako ezarri dute, eta Rajoyrentzat deserosoa izango dela aurreikusi dute, izan ere, Gurtel auzian agertu eta ia bederatzi urtera, presidente ohia epaitegira itzuli da.
Kongresuko ikerketa batzordean, Rajoyk ukatu egin zuen Jose Manuel Villarejo komisario ohia ezagutzen zuela, eta Kitchen operazioaren berri ez zuela ziurtatu zuen. Hala ere, Luis Barcenas Alderdi Popularraren diruzain ohiak aste honetan bertan adierazi du Villarejo dela sarearen arduraduna.
Rajoy lekuko gisa agertuko da, eta, beraz, egia esatera behartuta dago. Deklarazioaren ostean, Maria Dolores de Cospedalen txanda izango da.
Cospedalen kasuan, susmoak Villarejorekin hainbat gairi buruz hitz egiten entzuten den grabazioetan oinarritzen dira. Hala ere, grabazio horiek instrukziotik kanpo geratu ziren, Manuel Garcia Castellon epaileak testuingurutik kanpo zeudela ebatzi baitzuen. Balorazio hori ere onartu zuen auzitegiak, epaiketan sartzeari uko egin baitzion, instrukzioa ahozko ikustaldi osoan berregiterik ez dagoela iritzita.
Kitchen kasua
Cospedalen senar ohiak berretsi du berak aurkeztu ziola Villarejo Genovan
Espainiako Auzitegi Nazionalak asteazken honetan ekin dio berriro auziaren epaiketari. Hamar akusatu daude, tartean Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia eta Francisco Martinez Segurtasuneko estatu-idazkari ohia, 2013 eta 2015 artean antolatutako ustezko operazioan.