Langile publikoen finkotasuna bizkortzeko arau aldaketak eskatu ditu Jaurlaritzak Madrilen
Bitartekotasun-tasa murrizteko neurriak hartzea komeni dela adierazi du Euskadik, Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak eta Oscar Lopez ministroak izandako lan-bileran. Egonkortze-prozesuen ondoren, % 50 inguruko mailatik % 14 ingurura igaro da, eta legegintzaldiaren amaieran % 8ra hurbiltzea da asmoa.
Maria Ubarretxena sailburua eta Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroaren arteko lan-bilera, Madrilen. Argazkia: Irekia
Enplegu publikoaren egonkortzea sustatzeko eta bitarteko langileen tasa murrizteko neurriak hartzea komeni dela jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak Sanchezen Gobernuari, gaur, osteguna, bi aldeek Madrilen izandako lan-bileran. Hala, helburua da euskal enplegatu publikoen % 8 bakarrik bitarteko izatea legegintzaldiaren amaieran, egonkortze-prozesuen ondoren % 50etik % 14ra igarotzea lortu ondoren.
Horretarako, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuak, lan-bilera oparoa izan du Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko ministroarekin eta Consuelo Sanchez Naranjo Funtzio Publikoko estatu-idazkariarekin.
Bilera horretan, Euskadik adierazi du egungo eredua egokitu edo ordezkatu behar dela, bereziki birjarpen-tasari dagokionez, administrazioaren benetako beharretara hobeto egokitutako langileen plangintza errazteko. Era berean, Ubarretxenak proposatu du hautaketa-prozesuak arintzea, epeak murriztuz eta prozedurak sinplifikatuz.
Halaber, sailburuak adierazi du komenigarria dela Euskadiren eta Estatuaren arteko aldebiko harremana sendotzea gai zehatzei heltzeko, hala nola lanaldiari buruzko negoziazioei edo erretiro partzialaren eta lan-kontratuko langileen txanda-kontratuen arloko arau-berrikuntzei.
Bilera giro onean eta erakundeen arteko lankidetzan egin da, eta bide ematen du bi administrazioen artean lanean sakontzeko, jorratutako eremuetan eta agendan sar daitezkeen beste eremu batzuetan.
Eraldaketa digitalari dagokionez, Euskadik Izenperen bidez egin duen ibilbidea zehaztu du sailburuak. Ibilbide honi esker, Euskadiko biztanleen % 60k baino gehiagok identifikazio digitaleko sistemak ditu. Oinarri horretatik abiatuta, eIDAS 2 Europako esparru berriarekin bat etorriz aurrera egiten jarraitzeko Euskadiren borondatea azpimarratu du.
Testuinguru horretan, Euskadik mahai gainean jarri du etorkizuneko identitate digitaleko Europako sistemaren garapena hedatzen laguntzeko interesa, herritarrek beren datuen gainean duten kontrola indartuko duen eredu bat finkatzeko.
Horri esker, herritar bakoitzak modu seguruan izango lituzke bere nortasuna eta beste egiaztagiri ofizial batzuk bere gailu mugikorraren era digitalean, kudeaketa arinagoa, eskuragarriagoa eta pertsonarengan zentratuagoa izanez.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik