Melgosak Espainiako Gobernuari ohartarazi dio erregularizazio prozesuaren ondorioak bere gain har ditzala
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Nerea Melgosa sailburuak Sanchezen Gobernua kritikatu du, ez dituelako aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak erregularizazio-prozesuari egindako alegazioak; besteak beste, euskara ikasten duten migratzaileen ahalegina aitortzea.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua "kezkatuta" agertu da Espainiako Gobernuak migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesuaren aurrean, eta ohartarazi du "bere gain hartu beharko dituela prozesu horren ondorioak".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Melgosak kritikatu egin du Pedro Sanchez buru duen Gobernuak Jaurlaritzaren alegazioak aintzat hartu ez izana. Jaurlaritzak eskatu zuen euskara ikastea eta formakuntza-prozesuetan parte hartzea positiboki baloratzea, besteak beste.
Halaber, prozesuak aberrigabeak (tartean, sahararrak) eta Ukrainako herritarrak kanpoan uztea kritikatu du, eta gogorarazi du "Euskadik haiekin bat egin duela" gerra hasi zenetik.
"Eusko Jaurlaritzak beti erakutsi izan du laguntzeko asmoa", baina ez diote "entzun", eta, "Estatuaren eskumena da migratzaileen gaia, eta Ministerioak erabaki du nola, noiz eta non egin behar den erregularizazio prozesua. Hortaz, berak ikusi beharko du zer ondorio dituen", ohartarazi du.
Azaldu duenez, Euskadik erregularizazioa enpleguarekin eta euskararekin lotzeko apustua zuen mahaigainean. Integrazio ahalegina egiten ari diren eta euskara ikasten ari diren pertsonak nolabait konpentsatu egin behar dira", adierazi du.
Sailburuak uste du bere sailak astebururako prest izango duela prozesuari buruzko gida bat, tramitea egiteko beharrizana dutenei azaltzeko zer dokumentazio eskatzen duten eta non aurkeztu behar duten.
Era berean, ohartarazi du "oportunistak" azaldu direla, kudeaketa egiteagatik kobratzen saiatzen ari direnak.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik