Jose Antonio Agirre lehendakariaren Jaurlaritza omendu dute bere lehen egoitzan, Carlton hotelean
Imanol Pradales buru duen Gobernuak lehen Eusko Jaurlaritza omendu du, haren sorreraren 90. urteurrenean.
Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala egin du, astearte honetan, haren sorrera omentzeko, orain 90 urte. Garrantzi handiko mugarria izan zen Euskadiren historian, eta, hura omentzeko, Imanol Pradales lehendakaria buru duen Jaurlaritza Bilboko Carlton hotelean izan da gaur, han baitzeukan egoitza lehenbiziko Jaurlaritzak. Bertan egin da aste honetako Gobernu Kontseilua eta, horrekin batera, hasiera eman zaio 1936an sortutako Jaurlaritza omentzeko programari; urtebetez luzatuko da.
Gobernu zabala
Onartutako adierazpen instituzionalak dakarren moduan, 1936ko urriaren 7an, Gernikako Juntetxean, lehenengo Eusko Jaurlaritza sortu zen, Gorte Errepublikanoek Autonomia Estatutua onartu ondoren.
Jose Antonio Agirre lehendakaria zen Gobernu haren burua, eta Errepublikarekiko leialak ziren indar politiko nagusiek osatu zuten: euskal abertzaleek, sozialistek, errepublikanoek eta komunistek, Gerra Zibilaren testuinguru gogorrean.
“Batasuneko gobernua zen, orduko ezohiko gertakarien emaitza, jakina, baina baita, herri-eraikuntzan aurrera egiteko formula gisa, elkarrizketarako eta akordiorako joera zuten zenbait jarrera pertsonal eta kolektiboren emaitza ere”, adierazi du lehendakariak.
Jaurlaritzaren lana
Gerra-testuingurua izan arren, Jaurlaritzak jarduera instituzional eta sozial handia izan zuen. “Gerra-kabinete bat, bai, baina haren gobernu-ekintzak aise gainditu zuen eremu militarra. Gobernu positiboa izan zen, eta gerra humanizatzen eta herria eraikitzen saiatu zen. Egitura instituzional propio baten oinarriak ezarri zituen, eta botere politikoa baliatu zuen legezkotasun demokratikoa defendatzeko, baita, ahal zen neurrian, erretagoardiako biztanleria zibilaren bizitza antolatzeko eta hobetzeko ere”, jaso du testuak.
Halaber, adierazpen instituzionalak nabarmendu du ekimen eta neurri ugari bultzatu zituela hainbat arlotan: Osasuna, Hezkuntza, Justizia eta Ekonomian; Ertzaintza sortu zuela eta Euskadiren eraikuntza sinbolikoa bultzatu zuela.
Gizarte-politiketan egindako ekarpena azpimarratu du, “zinez aurreratuak” baitziren. “Indibidualismoaren eta kolektibismoaren, kapitalismoaren eta komunismoaren, erreakzioaren eta iraultzaren antipodetan zegoena. Izan ere, ez zeuden lehendabiziko Eusko Jaurlaritzaren ideariotik, programatik eta praxi politikotik kanpo honako kontzeptu hauek: elkarrizketa soziala, jabetzaren funtzio soziala, merkatuko legeen erregulazioa, zerga-sistema progresiboa, edota langileek enpresan duten parte-hartzea”, adierazi dute.
Gogoratu dutenez, Jaurlaritzaren ibilbidea euskal lurretan 1937ko ekainean amaitu zen, porrot militarraren ondorioz.
“Ez zen posible izan: fusilak gerra-hegazkinen aurka, arrantza-ontziak gerraontzien aurka, arrazoiaren indarra indarraren arrazoiaren aurka. Davidek ezin izan zuen Goliat garaitu. 1937ko ekainaren 30ean, Turtziozen, Agirre Lehendakariak honako hau esan zuen erbesteratu baino lehentxoago: Euskal lurraldea konkistatua izango da; Euskal Herriaren arima, ez; eta ez da egundo konkistatua izango”, adierazi dute.
Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du gobernu haren jardunaz, “legezkotasun demokratikoa, giza eskubideak eta kohesio soziala defendatu baitzituen”.
“George Steerrek, The Times egunkariko berriemailea eta Euskadiko gerraren lekuko zuzena izan zenak, ez zuen zalantzarik izan baieztatzeko Euskal Herritarrek bederatzi hilabetean gobernu onaren eta duintasunaren eredu ederra eman ziotela munduari”, gogora ekarri du Pradales lehendakariak.
Gaurko herritarrontzat, eredu
Horregatik, Pradales lehendakariaren gobernuak adierazi du 1936ko Jaurlaritzaren esperientzia “XXI. mendeko herritarrentzat inspiraziozko bide-orria” dela.
“Lehendabiziko Eusko Jaurlaritza askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren memoria da; duintasunaren, humanismoaren eta elkartasunaren memoria; batasunaren, elkarrizketaren eta akordioaren memoria; autogobernuaren memoria. Printzipio eta balio horiek Euskadirako eta Europarako aldarrikatzen jarraitzen dugu, baita mundurako ere. Euskadi berritzaile kohesionatua. Europa batua, demokratikoa, hura osatzen duten herriak errespetatzen dituena. Mundu baketsua, bidezkoagoa, gizatiarragoa eta iraunkorragoa”, adierazi dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik