Barcenasen semearen ustez, Rajoyren Gobernuak agindua eman zuen aitari espetxealdia "jasanezina" egiteko
Auzitegi Nazionalak Kitchen auziaren epaiketari ekin dio berriro astelehen honetan. Lekuko gisa deklaratu dute gaur Javier Arenas eta Soraya Saenz de Santamaria PPren buruzagi ohiek, eta Guillermo Barcenasek, Luis Barcenasen semeak.
Guillermo Barcenas, Auzitegi Nazionalera heltzen. EFE.
Auzitegi Nazionalak Kitchen sarearen epaiketari ekin dio berriro astelehen honetan, Rajoyren lehen Gobernuko Barne Ministerioko kupularen aurkako epaiketa, Jorge Fernandez Diaz ministro ohia tartean. 2013 eta 2015 artean, Gürtel auzia eta Alderdi Popularraren B kontabilitatearen inguruko ikerketak martxan zirenean, Luis Barcenas PPren diruzain ohiari alderdirako kaltegarri liratekeen dokumentuak lapurtzeko Gobernuak antolatutako ustezko operazioaren inguruko galdeketa gehiago egin ditu gaurkoan epaimahaiak.
Astelehen honetan lekuko gisa deklaratu dute Javier Arenas eta Soraya Saenz de Santamaria PPren buruzagi ohiek eta Guillermo Barcenas Luis Barcenasen semeak.
Guillermo Barcenasek, astelehen honetan Auzitegi Nazionalean (AN) azaldu duenez, Soto del Realeko (Madril) espetxean preso egon zen garaian aitari "bizia jasanezina egiteko agindua" egon zela uste du, eta agindu hori Mariano Rajoyren Exekutiboak eman zuela, espetxeak "Gobernuaren menpe dauden erakundeak direlako".
Gainera, adierazi du aitak 2013an behin-behineko espetxealdian sartu baino pixka bat lehenago aipatu ziola Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiarekin eta Javier Arenas PPko buruzagi ohiarekin egindako grabazio baten kontua, eta alderdiaren B kutxako gerakinaren inguruan hitz egiten zutela horretan, baina aitortu du ez zuela inoiz entzun.
Barcenasen semeak kontatu duenez, isil-mandatari lanak egitea egotzita epaiketan akusatu gisa dagoen Sergio Rios aitaren txoferrarengan konfiantza izateari utzi zion, 2013an etxean amarekin zegoela apaiz jantzia zuen gizon batek eraso egin baitzien.
Riosek librantza zuen egun hartan, baina amak leihotik laguntza eskatzea lortu zuenean, txoferra bost minuturen buruan agertu zela azaldu du; txoferrak kontatu omen zien emaztea han inguruko ile-apaindegi batera eramana zuela.
"Traza txarra hartu genion hasieratik kontuari (...) Ni, gizon hari (apaiz faltsua) eusten ari nintzaiola, zeharo azkar agertu zen (txoferra)". Barcenasek azpimarratu du aurpegiera xelebrea zuela Riosek, harridurazkoa gehiago susto-aurpegia baino, eta horrek atentzioa eman ziola, ez zitzaiolako normala iruditu zeuden egoeran. Txoferra iritsi eta gutxira etxean "hamabost bat polizia" agertu izana ere susmagarri jo zuten.
Arenas Barcenasekin bildu zen 2012an
Javier Arenas PPren senatariak Kitchen operazioaren epaiketan adierazi duenez, Luis Barcenas PPren diruzain ohiak espero zuen PP Espainiako Gobernura iristeak aldaketak ekarriko zituela Gurtel auziaren ikerketan, zehazki fiskalei eta polizia judizialari dagokienez.
Arenasek lekuko gisa deklaratu du astelehen honetan Jorge Fernandez Diaz Barne ministro ohia eta Francisco Martinez Segurtasun idazkari ohia akusatuta dauden epaiketan. PPren senatariak "administrazio publikoko profesional handi" gisa goraipatu ditu.
PPren idazkari nagusi ohiak onartu du 2012ko amaieran bilera bat egin zuela Barcenasekin, Sevillan. Arenasen arabera, bilera hartan Barcenas haserretu egin zen fiskala eta polizia haren aurka egiten ari ziren ikerketagatik (Gurtel auzian), eta, Arenasen arabera, Barcenasek uste zuen PP Moncloan egoteak mesede egin ziezaioketen aldaketak eragin zitzakeela.
Arenasek gaineratu du ez zuela inoiz jakin PPren diruzain ohiak grabatu egin zuenik. "Ez dut inoiz grabazio horren berri izan, grabaziorik egon bazen nik jakin gabe izan zen, eta grabazioa egon izanak ez zidan inolako kezkarik eragin", adierazi du. Jarraian, Rajoyri beste grabazio bat egin ote zioten eta PPk grabazio hori existitu egiten zela egiaztatzen saiatu ote zen ba ote dakien galdetu diote. "Inola ere ez dut horren berririk", esan du.
Saenz de Santarmariak prentsaren bidez izan zuen Kitchen auziaren berri
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak ziurtatu du ez zuela "operazio horren" berririk izan, Kitcheni erreferentzia eginez, Gobernuan egon zen garaian, eta ukatu egin du zuzentzen zuen CNIk Gurtelen eta Barcenasen paperen ondorioei aurre egiteko inolako ekimenik martxan jarri izana.
2013an presidenteorde, Presidentetzako ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaile zenak azaldu du ez dakiela Inteligentziako Espainiako Zentroak (CNI), Presidentetzako Ministerioari atxikita zegoenak, Barcenasi jarraipenik edo zaintzarik egin ote zion 2013 eta 2015 artean, ezta Villarejori espioitzarik egin ote zion ere.
Kitchen auziko epaiketan lekuko gisa egindako deklarazioan, Saenz de Santamariak "ez" eta "ez dut gogoratzen" hitzekin erantzun die herri-akusazioaren (Podemos eta PSOE) abokatuen galdera gehienei.
Halaber, Javier Iglesias abokatua —PPk Barcenasekin negoziartzera bidali omen zuen espetxera— ezagutzen ote duen galdetu diotenean, joan den ostegunean Mariano Rajoyk adierazitakoan oinarritu da. Ukatu egin du abokatu hori ezagutzen zuela, eta Barcenasekin espetxean hitz egindakoaren berri Rajoyri ematen zion ba ote dakien galdetuta, erantzun du horren inguruan "Mariano Rajoyk esandakoa ondo esana" egongo dela.
Zure interesekoa izan daiteke
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.
Zergatik alda dezake hesi berriak Ceutako mugaren kudeaketa?
Azpiegitura berriak 500 metro ditu, eta berehalako itzulketen inguruko auzi juridiko bati erantzun nahi dio.
Marlaskaren arabera, Maroko "ez da mehatxua", eta Ceutara iritsitako migratzaileek ezingo dute euren egoera erregularizatu
Barne ministroak adierazi du Espainiako Gobernua lanean ari dela uztailaren 30ekoa bezalako sarrera masiborik berriro gerta ez dadin, baina onartu du ezin duela bermatu halakorik berriro ez gertatzea.
Sanchezek EBko Barne ministroen premiazko bilera eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren harira
Espainiako Gobernuko presidenteak "kezka larria" helarazi dio Ursula von der Leyeni Europako zenbait gobernuren erreakzioagatik, eta Italiak iragarritako mugen itxiera gogor kritikatu du.
Espainiako Gobernuak hesi bat jarri du Ceutan, mugako morruan
Auzitegi Gorenak ebatzi zuen "mugako elementuak" gainditzen dituztenak bakarrik itzul daitezkeela heldu eta berehala. Hesia jarrita baldintza hori bete nahi dute.
Milaka migratzaile Marokora itzuli dira jada, Ceutara masiboki iritsi ondoren
Armadak bere tankeak jarri ditu kai-muturretik hirirako sarbidean, sakabanatzea eragozteko. Hildako etorkinak 57 dira jada. Pedro Sanchezek Espainiaren lurralde-osotasuna urratu dutela salatu du Ceutatik.
Italiak Schengen akordioa eten du Espainiarekin, eta kontrolak ezarri ditu portu eta aireportuetan
Gutxienez hilabetez, kontrolak ezarriko dizkie Espainiatik doazen eta europar jatorria ez duten bidaiariei; Europar Batasuneko gainerako herrialdeetatik doazenek, berriz, ez dituzte kontrol horiek gainditu beharko.
Puyko jaitsiera bertan behera utzi dute Lizarran, hirugarrenez
Uztailaren 29an egindako osoko bilkuran, oposizioko taldeek bat egin zuten bozketan, eta UPNri erabakia zuzentzeko eskatu zioten mozio bat aurkeztuta. Iaz bezala, Marta Ruiz de Alda alkateak kotxez egin du jaitsiera, txosnak beste toki batean jartzea aldarrikatzen ari ziren herritarrak zeuden kaletik ez jaisteko.
Milaka migratzaile Marokora itzultzen hasi dira
50.000 migratzaile baino gehiago Ceutan sartu ostean, hiri autonomoa gainezka dago, eta askok Marokora itzultzeari ekin diote.
Jaurlaritzak ukatu egin ditu Solariak Araban parke fotovoltaikoak eraikitzeko eskatutako 19 baimenak
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak argudiatu du iraungi egin direla garraio-sarera sartu eta konektatzeko emandako baimenak.