Gernikako bonbardaketaren biktimak gogoratu dituzte 89. urteurrenean
"Memoria demokratikoaren lekua" izan nahi duen eskultura inauguratu dute goizean. Eskultura horrek, "bakerako ate sinbolikoa" irudikatzen du. Arratsaldean, sirena hotsa entzun da, eta lore-eskaintza egin dute Zalloko hilerrian.
Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrena gogoratzeko eguna da gaurkoa, biktimak eta senitartekoak oroitzeko eguna.
Gaurko egunez, izan ere, 1937an, Frankoren aliatuak ziren Italiako eta Alemaniako legioen hegazkinek udalerria bonbardatu zuten. Munduan biztanleria zibilaren aurka egindako lehen aire eraso indiskriminatua izan zen.
Oroimen ekitaldien artean, Gernika "memoria demokratikorako leku" gisa bereizten duen eskultura inauguratu dute. Hala izendatu zuen Espainiako Gobernuak 2023an.
"Memoria Demokratikoaren Lekua" izeneko eskultura, lau metroko garaiera duen monumentu bat da, altzairuz egina, bakera sartzeko atea sinbolizatzen duena. Hiriaren erdigunean, Nestor Basterretxearen "Suak Eragindako Agonia" eskulturatik gertu jarri dute, lehen bonba erori zen lekuan.
Fernando Martinez Memoria Demokratikorako Estatu idazkariak, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak, Alberto Alonso Gogora institutoko zuzendariak eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak parte hartu dute ekitaldian.
Fernado Martinezek nabarmendu duenez, "memoria demokrazia da", eta iragana gogoratzearen beharra defendatu du, "gertaera traumatikoak" berriro gerta ez daitezen. Era berean, "demokrazia eta askatasuna bera zalantzan jartzen duten posizioen gorakadak" eragiten duen arriskuez ohartarazi du.
Gernikako alkate Jose Maria Gorroñok esan du herria Memoria Demokratikorako Leku izendatzea "ez dela soilik aitortza bat, baita historiaren eta kontzientzia kolektiboaren aurrean hartu beharreko betebeharra".
Gorroñok azpimarratu duenez, memoria demokratikoa "ez da ariketa erretoriko bat", "printzipio etiko bat" baizik, "mina, haustura eta giza eskubideen urraketa jasan duten gizarteak interpelatzen dituena".
Kruzita Etxabek eta Mari Carmen Agirrek moztu dute zinta, bonbardaketatik bizirik atera ziren biktima guztien ordezkari gisa.
Ekitaldian hainbat ordezkari politiko eta instituzional ere izan dira, hala nola Aitor Esteban EAJko presidentea, Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarkidea eta Bosnia-Herzegovinako, Azerhaiyango eta Armeniako enbaxadoreak.
1937ko apirilaren 26an gertatu zena jasotzen duen bideoa proiektatu da ekitaldia amaitzeko, bonbardaketatik bizirik atera ziren bi emakumeei lore eskaintza egin zaie, baita ohorezko aurreskua ere, eta 'Agur jauna' k Hiroshimako bonbardaketatik bizirik atera zen biolin batekin jo dute.
EAJk, gainera, bere ekitaldi propioa ere egin du eta EH Bilduk, lore eskaintza.
Aitor Esteban EAJko presidenteak jeltzaleen ekitaldian adierazi duenez, "belaunaldi gazteenei gogorarazi behar zaie (...) dena alda daitekeela".
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak gogorarazi du 90 urte bete direla Otxandioko bonbardaketatik eta 150 Euskal Foruen aboliziotik, eta urteurren horiek, "data oso sinbolikoak dira, nazioarteko testuinguru politiko jakin batean gertatzen direnak, gerra global baten agertokira bultzatu nahi gaituzten une honetan" esan du.
George Steerren semeak aitak Gernikari zion estimua nabarmendu du, eta gerrako korrespontsalaren "lan noblea" goraipatu du
Duela 89 urte The New York Times egunkariko berriemaile gisa, Gernikan izandako bonbardaketaren inguruan idatzi zuen George L. Steer gerra korrespontsalak. Gaur, haren semeak, George Barton Steerrek ere parte hartu du Gernikako ekitaldian. Bere aitak Gernikarekiko zuen "errespetua eta estimua" nabarmendu ditu, The Tree of Gernika (Gernikako arbola) liburuan islatu zuena, eta gerra korrespontsalen "tradizio noble bezain arriskutsua" defendatu du.
Geoge Steerren eskulturaren aurrean egindako omenaldian, semea eta beste senide batzuk izan dira, ordezkari politiko eta instituzionalak ere han zirela. Ekitaldia amaitzeko, lore-eskaintza egin dute.
Steerren semeak eskerrak eman dizkie Gernikako "herritar guztiei", "aita gogoratzeagatik eta omentzeagatik".
Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Saria
Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev Azerbaijango presidenteak Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Saria eurei eman izanak hunkitu egin dituela eta benetan eskertzen dutela adierazi dute Armeniak eta Azerbaijanek Espainian dituzten enbaxadoreek, Sos Avetisyanek eta Ramiz Hasanovek, irakurri duten gutun banatan.
Sari horiek emateko ekitaldian, Global Sumud Flotilla Gazaren aldeko ekimena ere saritu dute. Ekimen horretako kide batek oholtzan adierazi du saria ez dela eurentzat, "Palestinarentzat baizik, erresistentziagatik, duintasunagatik eta existitzeko gaitasunagatik", nahiz eta" sionismoaren krudeltasunak hura suntsitzeko arma guztiak erabili".
Arratsaldeko ekitaldiak: sirena hotsa eta lore-eskaintza
Biktimen omenezko sirenak hotsak eta Andra Mari elizako kanpaien errepikak lau minutuko isilunea sortu dute herritarren artean, 15:45ean. Une horretan, Condor Legio alemaniarrak bonbarketa hasi zueneko unea izan dute gogoan.
Eta hildakoen omenezko lore-eskaintza egin dute ondoren, 16:30ean, Zalloko hilerrian. Herritarrekin batera, erakunde politiko eta instituzionaletako ordezkariek hartu dute parte ekitaldian.
Gorroño alkatea buru zela, Imanol Pradales lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia izan dira bertan, besteak beste. Tartean, Aitor Esteban EAJko presidentea, Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramailea eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia.
Duela 89 urteko "gertaera tragikoak" gogoratzeko hitz batzuk esan ondoren, erasoaren ordu zehatzean otoitz egin dute "hain une latzak bizi izan zituzten hildako pertsona guztiak" gogoratzeko.
San Juan Elizaren hondakinen artetik berreskuratu zen kanpaia jotzen hastearekin batera ekin zaio lore-eskaintzari. Haren hotsak lagunduta, lore-sortak eta koroak uzten joan dira parte-hartzaile guztiak.
Eskaintza amaitu ondoren, biktimen omenezko meza hasi da, eta, omenaldiari amaiera emateko, biolin laukote batek Agur Jauna eta Gernikako Arbola interpretatu ditu.
Gauean, Garretan ez da erreten sua pizten dabena antzezlanak eta Gernika Batzordea Lobakek antolatutako kandelen ibilbideak itxiko dute 89. urteurreneko egitaraua.
Zure interesekoa izan daiteke
Migratzaileen etorrerak ez du etenik Ceutan, eta 50.000 lagun iritsi dira jada
Armadak bere tankeak jarri ditu kai-muturretik hirirako sarbidean, sakabanatzea eragozteko. Hildako etorkinak 19 dira jada. Pedro Sanchez Ceutan izango da gaur, eta bere Gobernuak azpimarratu du etorkinak "itzuli" egingo dituela.
Espainiako Gobernuak biktima gisa aitortu du Josu Mujika eta legez kanpokotzat jo ditu haren kontrako epaiak
Mujika gaur 51 urte hil zuen Polizia Armatuak tiroz, Madrilen ETAko kideen aurka egindako operazio batean.
Zaballako preso baten heriotza salatu eta gardentasun handiagoa eskatu dute
Salhaketa Araba elkarteak gertatutakoari buruzko gardentasun handiagoa eskatu du, eta zalantzan jarri du hil aurretik 60 urteko presoari emandako arreta. Elkartearen esanetan, gertatutakoa "ezin da gertaera isolatu gisa ulertu".
Segurtasunaz gehiago eta eskumenez gutxiago arduratzeko gomendatu dio PPk Zupiriari
PPren Legebiltzarreko bozeramaileak deitoratu duenez, sailburua "ez dago egon behar duen horretan", eta "segurtasunaz eskumenez baino gehiago kezkatuko balit", bere ustez, "polizia hobeto hornituta egongo litzateke".
Espainiako Gobernuak Armada bidaliko du Ceutara, sortu den "migrazio-krisian laguntzeko"
Milaka pertsonak zeharkatu dute gaur Marokotik Ceutarako muga, kontrolik gabe. Horietako asko, Tarajal kai muturretik sartu dira, batzuk igerian eta beste batzuk kostaldetik oinez. Bertako agintariek emandako datuen arabera, gutxienez, 18 migratzaile hil dira.
Espainiako Poliziak Bilbon egindako esku hartzea "onartezina" izan dela esan du berriz Zupiriak
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, polemika hau ez da hasi Espainiako Poliziak egindako atxiloketekin, Espainiaren futbol partidaren harira izan ziren istiluekin baizik.
Zapateroren eta haren alaben eta idazkariaren kontuei buruzko informazioa eskatu die banketxeei Calama epaileak
Auto batean, Plus Ultra auziaren ardura duen magistratuak dio zantzuak daudela esateko Espainiako Gobernuko presidente ohiak "egitura antolatu bat" zuzentzen zuela, bezero jakin batzuei mesede egiteko, legez kanpoko jardueren bidez.
Jon Insaustik afari solidarioak bizilagunak gizarteratzea eta laneratzea errazteko kudeatzearen alde egin du
Afari solidarioen debekuak piztu duen polemikaren harira, Donostiako alkate Jon Insaustik, asteazken honetan, azaldu du ekimenak administrazioaren erantzuna behar duela, eta gizarteratzea eta laneratzea sustatzera bideratuta egon behar duela. Era berean, nabarmendu du inguruko udalerriek ere neurri horiek lehenago edo geroago hartuko dituztela.
Etxanobek itun handia proposatu du Bizkaiaren etorkizuna eraikitzeko
Urtero legez, Bizkaiko aldundiak San Inazioko harrera ekitaldia egin du. Bizkaiko eta Gipuzkoako patroiaren eguna ospatzeko abuztu aurreko azken ekitaldi politiko nagusia da, eta ordezkari ugari biltzen du. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak itun handi bat proposatu du Bizkaiaren etorkizuna eraikitzeko. Lurraldeen arteko aldeak eta berezitasunak errespetatu egin behar direla adierazi du, benetako berdintasuna lortzeko.
Bi urteko kartzela-zigorra, sare sozial batean terrorismoa goratzeagatik eta ETAren biktimak umiliatzeagatik
Atxilotuari haur-pornografia ere aurkitu zioten konfiskatutako gailuetan.