EUSKARA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lan-eskaintza guztietan zenbait postutako hizkuntza eskakizuna aurrerago lortzeko aukera ezartzea proposatu du EAJk  

Sozialistekin akordioa erdiestea ezinezkoa izan ondoren, EH Bilduri eskari zuzen bat egin dio EAJk: "gutxienez abstentzio" batekin jeltzaleen planteamendua ahalbidetzea, eta hortik aurrera, elkarrekin "emaitzak ebaluatu" eta "urrats berriak" adostea.

markel olano joseba diez antxustegi
Markel Olano eta Joseba Diez Antxustegi, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EITB

Euskal Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko proposamenei zuzenketak aurkezteko epea ia agortzear dela —bihar amaituko da—, EAJk hiru aurkeztu dizkio berak egindako lege-proposamenari. Proportzionaltasunean sakontzea eta lan-eskaintzetan derrigortasun data atzeratua modu orokorrean ezartzea dira gakoak. Hau da, deialdi guztietan derrigorrean plaza kopuru jakin bat egotea, zeinetan euskara profila geroago eskuratzeko aukera izango den. 

Arratsaldean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean,  Markel Olano eta Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkide jeltzaleek azaldu dituzte zuzenketen nondik norakoak. Uste dute egun indarrean dagoen legeak "emaitza onak" eman dituela, eta beraz, "akats bat litzateke" arau hori arriskuan jartzea. Horregatik, egungo sistema "indartzea" eta "errespetatzea" da aurkeztutako emendakinetan proposatu dutena. 

Bi dira planteatu dituzten "mugimendu politikoak", Olanok azaldu duenez: batetik, proportzionaltasunaren kontzeptuan sakontzea, profilen ereduari eutsita. Legea moldatuta eta dekretu bat onartuta bermatuko lukete hori. "Derrigortasun indize orokorrik ez da egongo, baina erakunde bakoitzak berea izango du", eta hori arautzeko "dekretu bat onartuko du Eusko Jaurlaritzak".  Besteak beste, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa eta plaza bakoitzaren beharrak hartuko dira kontuan, proportzionaltasun maila ezartzeko. 

Bigarren mugimendu politikoa, berriz, "oso transzendentala" izango dela azaldu du: lan-eskaintzetan guztietan derrigortasun data atzeratua duen plaza kopuru jakin bat ezartzea nahi du EAJk. Orain arte, aukerakoa zen. Modu horretan, pertsona bat sartu daiteke administrazioan bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna izan gabe, eta "baliabideak eta epeak" eskainiko zaizkio euskara ikasi eta profila geroago egiaztatzeko. "Zer lortu nahi da? Hemendik aurrera inork ez esatea epaitegietan, hizkuntza ez jakiteagatik diskriminatu egin dela norbait".

Irakurketa politikoa ere egin du Olanok. Jeltzaleek uste dute EH Bilduk mahai gainean jarri duen proposamena baino "egingarriagoa" dela eurena, koalizio subiranistak eredua "goitik behera" aldatzea proposatzen duelako. Hala, PSE-EEkin akordioa ixtea "ezinezkoa" izan denez, eskari zuzen bat egin diote koalizioari: ahalbidetu dezatela "EAJren proposamena gutxienez abstentzio batekin", eta behin hori eginda, prozesu bat abiatzea, "emaitzak ebaluatu" eta "aurrera begirako urratsak" adosteko. 

Zure interesekoa izan daiteke

iker casanova
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

EH Bilduk "zuhur, baina baikor" hartu du Lemoizerako Jaurlaritzak iragarri duen akuikultura-proiektua

Proiektuari buruzko informazio osoa izan arte iritzia emango ez badu ere, EH Bilduk "egoki" jo du Eusko Jaurlaritzak Lemoizerako egindako iragarpena. "EH Bilduren aldarrikapen historikoa izan da, ingurua modu integralean ulertzea. Beharrezkoa eta egokia da ingurune horretara beste jarduera batzuk erakartzea", esan du Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X