Flotillako kideen aurka Ertzaintzak izandako jarrera salatu dute EH Bilduk, Sumarrek eta Euskadiko Podemosek
"Elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren ikur den flotillaren aurkako bortizkeriak ez du inolako justifikaziorik. Isralek bahitutako pertsonak Euskal Herrira ailegatzean kolpatu eta atxilotzea ez da onargarria" ohartarazi du EH Bilduk. Oso gogor mintzatu dira Sumar eta Podemos ere.
Ertzaintzak atxiloketak egin ditu Loiuko aireportuan. Argazkia: EuropaPress
EH Bilduk, Sumar Mugimenduak eta Euskadiko Podemosek gogor salatu dute "Ertzaintzak Global Sumud Flotillako kideen eta haiei elkartasuna agertzera Loiuko aireportura joandako herritarren aurka gogor oldartu izana". Era berean, elkartasun osoa agertu diete Palestinaren aldeko ekintzaileei.
"Elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren ikur den flotillaren aurkako bortizkeriak ez du inolako justifikaziorik", dio koalizio subiranistak komunikabideetara bidalitako oharrean, eta "Isralek bahitutako pertsonak Euskal Herrira ailegatzean kolpatu eta atxilotzea ez da onargarria", erantsi dute.
Halaber, atxilotuak berehala askatzeko eta "elkartasun ekintzen aurkako oldarraldiarekin amaitzeko" eskatu du EH Bilduk.
Bestalde, gertakari horien erantzuleek "beharrezko azalpenak emateko eta erantzukizunak hartzeko" eskatu du, eta Eusko Legebiltzarrean Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren premiazko agerraldia eskatuko dutela iragarri du.
Hain zuzen ere, handik ordu batzuetara, Zupiriak berak agerraldia iragarri du astearterako.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak barne ikerketa abiatu du gertatutakoak indarrean dituzten arauak betetzen dituen ala ez argitzeko.
"Onartezina da", salatu du Sumar Mugimenduak
Sumarrek ere irmo salatu du Ertzaintzaren "jarduera errepresiboa". Ohar batean adierazi duenez, "onartezina da Israelgo Estatu genozidak jazarri, atxiki eta bortxatutako pertsonak kargekin, identifikazioekin eta atxiloketekin hartzea Euskadin, Israelgo indarren indarkeria, askatasun-gabetzea eta eskubide-urraketak jasan ondoren itzuli berri zirenei ongi-etorria egin behar zietenean".
Atxilotuak berehala askatzea, edozein zigor kentzea eta "erantzukizun politiko eta polizialak azken ondorioetaraino argitzea" eskatu du Sumar Mugimenduak.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatu du Sumarrek ere, eta ikerketa sakona eta independentea eskatu du, "Palestinarekiko elkartasuna kolpatzea ezin delako zigorrik gabe geratu".
Mugimenduaren ustez, Ertzaintzak berak iragarritako barne ikerketa "ezin da itxiera korporatiborako mekanismo bihurtu, ezta larritasun demokratiko handiko gertakarien aurrean erantzukizunak desegiteko bide ere".
Podemosek era gogor salatu du gertatua
Podemos Euskadik ere gogor salatu du Ertzaintzak Loiuko aireportuan izandako jokabidea.
Hedabideetara igorritako ohar batean alderdi moreak salatu duenez, "erabat onartezina da giza eskubideak defendatzen dituzten ekintzaileen aurka erabilitako indarkeria". "Elkartasun internazionalistaren aurrean euskal erakundeen erantzuna ezin da, inolaz ere, makila eta errepresioa izan", gaineratu du.
Podemos Euskadik ere gertatutakoaren inguruko azalpen "urgenteak eta gardenak" eskatu dizkio Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari.
Ertzaintzako sindikatuen erreakzioak
ESAN sindikatu polizialarentzat, Ertzaintzako bigarrena ordezkaritan, "kolektibo jakin batzuek eta haien ingurukoek Ertzaintzarekin liskarra bilatu dute", larunbat honetan Global Sumud Flotillako ekintzaileak Loiuko aireportura iritsi direnean.
ESAN sindikatuak ohar batean adierazi duenez, "Ertzaintzak profesionaltasunez, neurriz eta tinko jokatu du tentsioa, zarata eta ikuskizuna besterik nahi ez dutenen aurrean".
Ertzaintzaren Sindikatu Profesionalak, SiPEk, ere Ertzaintzaren jarduera babestu du, eta gertatua "zorroztasunez" aztertzeko eskatu du, "eta ez sare sozialetan zabaldutako bideo partzialen bidez".
Ohar batean, kritikatu egin du "sektore politiko eta sozial batzuek, beste behin ere, poliziaren jarduera konplexu bat Ertzaintzako profesionalen aurkako desprestigio-kanpaina bihurtzeko ahalegina", "sare sozialetan zabaldutako bideo partzial eta testuingurutik kanpokoak" erabiliz, "agenteen aurkako berehalako gaitzespen publikoa sortzeko", euren iritziz.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak asilo legea eta atzerritarrei buruzko legearen erreforma onartu ditu, Ceutako migrazio-krisiaren ostean
Testuek "ikuspegi bermatzailea" dute eta migratzaileen giza eskubideak errespetatzen dituzte. Halaber, Espainiako esparru juridikoa Migrazioaren eta Asiloaren Europako Itunera egokitu dute.
Roblesek esan du CNIk bere lana egin zuela Ceutan, eta Marlaskak berretsi du ez zela "txostenik" egon
Defentsa eta Barne ministroek bertsio kontrajarriak eman dituzte uztailaren 30ean migratzaileak hiri autonomora sartu ziren egunaren bezperan gertatutakoari buruz.
Ceutako krisia bideratzeko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren ezohiko bilera eta aginte bakarra deitu du Sanchezek gaurko
Margarita Robles Defentsa ministroak agerraldia egingo du gaur Kongresuko Defentsa Batzordean, Ceutako krisiaren berri emateko. Datozen egunotan Behe Ganberako hainbat batzordetan hitz egingo duten zortzi ministroetatik lehena izango da.
Udal eta foru hauteskundeetarako eta Nafarroako Parlamenturako prozesua prestatzen ari da EH Bildu
Bere oinarriei dei egin die "parte har dezaten eta ezkerreko soberanismoaren eskaintza politiko eta elektorala osatzeko lanaren parte izan daitezen, erronkaren tamainako anbizioarekin".
Saizek Feijooren aurka egin du Ceutan konfinamendua eskatzeagatik: "Xenofobia da kutsakorra"
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren arabera, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak Ceuta konfinatzeko eskatu izana "arduragabekeria larria" da, ez baitago kutsatzeko arriskurik, eta buruzagi popularraren "ezjakintasuna" kritikatu du.
EAJk Frantziarekin hitz egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Irungo trafikoaren "itogunea" konpontzeko
Halaber, Cristina Laborda Irungo alkatearen "demagogia" kritikatu du, eta adierazi du arazoa ez dela "errepide gutxi" dagoela, baizik eta Frantziak muga "itogune" bihurtu duela herria.
Pradalesek humanismoaren alde egin du ziurgabetasunaren aurrean, Euskadiren "euskarri sendoena" delakoan
Lehendakariak Jose Maria Arizmendiarrieta, euskal kooperatiben mugimenduaren sortzailea, eta Jose Antonio Agirre lehendakaria aipatu ditu humanismoaren erreferente gisa, eta kontzeptu hori eguneratzea beharrezkotzat jo du.
Eusko Jaurlaritzak ostegunean hasiko du urte politiko berria
Besteak beste, etxebizitzaren prezioak, Osakidetzako itxaron-zerrendek, transferentziek eta erreforma fiskalak markatuko dute agertoki politikoa udazkenean.
Valcalderan fusilatutakoak omendu dituzte Iruñean eta Cadreitan, 90 urte betetzen direnean
1936an, agintari militarrek 52 preso errepublikano atera zituzten Iruñeko kartzelatik, askatuko zituztelako aitzakian, baina hil egin zituzten. Bederatzi hamarkada geroago, ez dakite non dauden haien gorpuzkiak.
Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Feijook Sanchezi "osasun arriskuagatik"
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, uztailaren amaieran migratzaileak masiboki sartu ostean atzeman diren gaixotasun infekzioso eta kutsakorrak direla eta. Horren hitzetan, sarna eta tuberkulosi kasuak daude eta "osasun-arriskua" dago.