Ikertzaileek uste dute Zapaterok etxetik ematen zituela "jarraibide" nagusiak
Espainiako presidente ohiak Madrilgo Las Rozas auzoan duen bizitokia ustezko ustelkeria sarearen gune garrantzitsua zela dio UDEFen txostenak, nahiz eta epaileak ez zuen eman hura miatzeko baimenik.
Plus Ultra auziko ustezko ustelkeria sarea ikertzen ari diren poliziek uste dute Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente izandakoak etxetik ematen zituela egitura antolatzeko jarraibide nagusiak. Hau da, bere etxean kokatu dute sarearen erabakigunea eta estrategia erabakitzen zen lekua.
Espainiako Poliziaren Delitu Ekonomiko eta Finantzarioen Unitateak (UDEF) egindako hirugarren txostenean jaso dute informazio hori. Bertan nabarmentzen da PSOEko buruzagi ohiak bere etxetik aginduak ematearen atzean asmo garbi bat zegoela: "antolatuko saretik nahita urrundu" eta "lidergo ikusezin" bat izan.
Maiatzaren 14an izenpetutako agirian, ikertzaileek nabarmentzen dute ustezko sarearen "planifikazioa eta gidaritza" ez zela "bakarrik" Zapateroren bulegoan egiten. "Etxean zuen informazioaren kontrola". Aktaren arabera, "eremu profesionala eta eremu pribatua" erabiltzen zituen, "aldi berean", baina pisuzko erabakiak "etxetik" bideratzen zituen. Hori baieztatzeko, hainbat mezu elektronikotan eta fakturetan etxeko helbidea ageri dela azaldu dute poliziek.
UDEFek Jose Luis Calama Plus Ultra auziko epaileari eskatu zion Zapateroren etxebizitzaren miaketa baimentzea, baina magistratuak ez zuen onartu. Aldiz, bulegoa miatzeko agindua eman zuen, eta han, hainbat dokumentu eta bitxi atzeman dituztela zabaldu da gaur.
Bitxiak, Zapateroren kutxa gotorrean
Joan den asteartean miatu zuten poliziek Zapateroren bulegoa, eta aktan jaso zutenez, kutxa gotorrean bitxiak, erlojuak eta bi disko gogor aurkitu zituzten. Gertrudis Alcazar presidente izandakoaren idazkariaren hitzetan, herentzian jasotakoak edo oparitutakoak ziren bitxi horiek.
Horrez gain, miaketan iPhone markako telefono bat atzeman zuten, eta bi ordenagailutako dokumentu guztien kopia egin zuten.
Informazio gehiago
Calama epaileak informazio gehiago eskatu du. Besteak beste, 'presidentezapatero' izena duen kontuaren mezu guztiak nahi ditu, baita bere idazkariaren eta bi alaben posta elektronikoetako eduki guztiak ere, 2020tik.
Zure interesekoa izan daiteke
1936ko irailetik azarora Hernanin fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsonei omenaldia
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera