Protesta deitu dute ostegunerako Iruñean, Vito Quiles ekintzaile ultraren ekitaldiaren aurka
Hainbat elkartek, sindikatuk, gazte mugimenduk eta pentsiodunek elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako, urriak 15, Iruñeko Gaztelu Plazan, 17:30ean. Ordu erdi beranduago, Vito Quiles ekintzaileak ekitaldia deituta dauka.
Hainbat kolektibok, sindikatuk, gazte mugimenduk eta pentsiodunek elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako, urriaren 15erako, Iruñeko Gaztelu Plazan , 17:30ean, Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak beste ekitaldi bat aurreikusi duen leku berean. Quilesek Iruñean hasiko du 'Mafia edo aberria' bere bira.
Vito Quilesen ekitaldia 18:00etan izango da , Gaztelu plazan. Duela ia urtebete, 2025eko urriaren 30ean, Vito Quilesek beste ekitaldi bat deitu zuen Iruñean, eta azkenean bertan behera utzi behar izan zuen, istiluak eta protestak izan baitziren.
Quilesen aurkako mobilizazioa deitu duten taldeek agiri bat irakurri dute gaur, gaztelaniaz eta euskaraz, Iruñeko Gaztelu Plazan, protesta iragartzeko.
"Une honetan olatu erreakzionario baten barruan gaude, alde batetik, eskubideak murriztea bilatzen duena, sektore prekarizatuenak jomugan jarriz, eta, bestetik, klase herrikoiak zapaltzeko helburuarekin, bai sozialki, bai nazionalki. Testuinguru horretan, garrantzitsua da ideia horiek legitimatzen eta indartzen dituzten pertsonaien presentzia desnormalizatzea ", esan du Sabino Cuadrak, Amaiur koalizioko diputatu ohi eta LAB sindikatuko militanteak.
Irakurri duten oharraren arabera, "Euskal Herrian oso ondo ezagutzen dugu zer den antifaxismoaren kriminalizazioa. Urte luzez, eta hamarkadaz hamarkada, milaka izan dira bizi izandako errepresio kasuak. Euskal Herrian faxismoaren aurkako euste horma bat osatu dugu behin baino gehiagotan, eta Estatu aparatuek jomugan jarri dute ", jasotzen du.