HAUTESKUNDE OROKORRAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAJk aho batez berretsi ditu Maribel Vaquero, Idoia Sagastizabal eta Gorka Urtaran Kongresurako hautagai

Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak nabarmendu duenez, jeltzaleek "pertsona onenak" bidali dituzte Madrilera, "asko dago jokoan eta". Bestalde, Maribel Vaquero Kongresuko bozeramaileak azpimarratu du euskal diputatu gehiago egongo direla Madrilen, baina EAJ dela "Euskadi defendatzen duen bakarra". 

Iragarkia
EAJ kongresurako eta senaturako hautagaiak
18:00 - 20:00

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) aho batez onartu ditu azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak. Kongresurako, Maribel Vaquero izango da berriro Gipuzkoako zerrendaburu, eta Idoia Sagastizabal Bizkaiko hautagaitzaren buru kokatuko dute berriro. Berrikuntza Araban edukiko dute jeltzaleek, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohia izango baita zerrendaburua. Javier Ollo Altsasuko alkate ohia izango da, bestalde, Kongresurako hautagaia Nafarroan. 

Aitor Esteban EAJren EBBko presidenteak eta hautagaiek agerraldia egin dute gaur EAJren egoitzan, Sabin Etxean, bertan egin baita hautagaitzak berresteko Ezohiko Batzar Nazionala. 

Hautagaitzen aurkezpenean, Estebanek nabarmendu du jeltzaleek "Euskadi zaintzeko eta euskal herritar guztien etorkizuna zaintzeko emakume onenak, gizon onenak, pertsona onenak" bidaliko dituztela Madrilera, "asko baitago gaur jokoan Madrilen". Estebanen irudiko, EAJko diputatuek erakutsi dute "oso eraginkorrak" direla, eta nabarmendu du "inbestidura akordioaren % 75 baino gehiago" betetzea lortu dutela. Lorpenen artean, Euskadiko Euskal Pilotaren Federazioaren ofizialtasuna eta segurtasun alorreko hainbat akordio aipatu ditu EAJren presidenteak. 

"Ultraeskuina gelditzeaz" hitz egiten dutenen aurrean, buruzagi jeltzaleak azpimarratu du azken urteotan Vox gobernuan egotea saihestu duen "alderdi bakarra" EAJ izan dela, bere botoekin. "Gogorarazi beharrekoa dela uste dut", esan du. 

Esteban, agerraldiaren une batean. Argazkia: Europa Press

Vaquero: "EAJ da Madrilen Euskadi defendatzen duen alderdi bakarra"

Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak eskerrak eman dizkio alderdiari Gipuzkoako zerrendaburu hautatzeagatik berriro. "Ohorea" da, aitortu du. Ohartarazi duenez, hauteskunde kanpaina "gogorra" izango da "polarizazioa eta krispazioa" nagusi baitira, baina, horren arabera, Madrilen euskal diputatu gehiago egongo badira ere, "EAJkoak dira Euskadi defendatzen duten bakarrak". 

"Ez dugu inboluzio demokratikorik onartuko", nabarmendu du, baina, era berean, "Euskadi ez espainoltzeko" deia egin du, "blokeek, azpiblokeek eta lubakiek ez dutelako ezer eraikitzen". 

Ildo beretik mintzatu da Idoia Sagastizabal Bizkaiko zerrendaburua. Horren esanetan, jeltzaleek "argi dute norabidea itsasoa zakartzen denean", eta "elkarguneak, zentralitatea eta Euskadiren interesen defentsa" aldarrikatu ditu. 

Azkenik, Gorka Urtaran Arabako hautagaiak esan du EAJ "hirugarren bidea" dela "bi blokeen logika sinplistaren aurrean". 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X