ISTILUAK BILBON
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zupiria: "Badirudi kasu batzuetan indarkeriaren erabilera justifikatuta dagoela, eta horrek kezkatu egiten nau"

Horixe adierazi du Segurtasun sailburuak atzoko istiluei, Gasteizen Falangeak egindako deialdiari edo etxegabetzeen aurkako protestei erreferentzia eginez.

Bingen Zupiria radio euskadi
Zupiria, Radio Euskadin. Argazkia: EITB

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua kezkatuta agertu da "kasu batzuetan indarkeriaren erabilera justifikatuta dagoela dirudielako", atzo Bilbon izandako istiluei eta mugimendu faxisten edo etxegabetzeen aurkako beste deialdi batzuei erreferentzia eginez.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, sailburuak azpimarratu du "gurea bezalako gizarte batean", non "alde batek indarkeriaren erabilera justifikatu duen", ezin dela "erdibiderik" egon: "Pedagogia handia egin behar dugu indarkeria inola ere ezin dela erabili esateko".

Zupiriaren esanetan, atzoko atxilotuak oso gazteak dira, "ez dute ETAren indarkeria eta kale borroka ezagutu", eta baliteke "euskal talde antolatuen jarraibideak" bete izana.

Horregatik guztiagatik, deitoratu egin ditu indarkeria ekintzak, "gure gizarteak duen mehatxurik handienetakoa" direlako une honetan, eta ohartarazi duenez, "muturreko mugimendu batzuek zalantzan jartzen dute gure erakundeen izaera demokratikoa, eta indarkeria ekintzekin amaitzen diren deialdiak egiten dituzte".

Segurtasun sailburuak "erantzukizunez" jokatzeko deia egin du Blocus mugimenduak asteburu honetarako egin dituen deialdien aurrean. Izan ere, deialdi horiek istilu larriak eragin dituzte beste hiri batzuetan, hala nola Bartzelonan: "Kontu handiz ibili behar dugu mundu birtual honekin".

Azkenik, ez du Erne sindikatuaren kritikekin polemikarik sortu nahi izan, baina onartu du Ertzaintzaren operatiboak istilurik ez egotea bilatzen zuela, eta bistan dela ez zutela lortu bilatzen ari zirena.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X