Protestak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

20 pertsona atxilotu dituzte Quilesen kontrako protesten ostean izandako istiluetan

Hainbat edukiontzik, dozena erdi autok eta polizia-motor batek su hartu dute hainbat taldek Deustun eta Bilboko erdialdean eragindako istiluetan. Vito Quiles agitatzaile ultraeskuindarraren kontrako protesta baketsuen ostean jazo dira gertakariak.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Gutxienez dozena-erdi bat auto eta motor bat erre dituzte Bilboko Deusto auzoan, Vito Quiles xaxatzaile ultraren ekitaldiaren aurka izandako protesten ostean. Ertzaintzak, gutxienez, 20 pertsona atxilotu ditu istilu horiei lotuta.

Quilesen agerraldia 19:00etarako iragarrita zegoen, baina berak utzi du bertan behera, balizko istiluen beldur. Horren berri izan ostean, manifestazioak amaitutakoan, horietan aritutako hainbat ezezagunek zaborrontziak eta obretako edukiontzi bat erre dituzte.

Quilesen ekitaldia gaitzesteko bi martxa baketsu egin dituzte astelehen arratsaldean, 17:00etan, “Euskal Herrian Faxismoari Ez” eta “Probokatzaile faxisten aurka klase batasuna” lemen pean.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Deustuko Unibertsitateko campusetik gertu, protestetan parte hartzen ari ziren hainbat pertsonak, horietako asko beltzez eta kaputxak jantzita, suziriak eta petardoak bota dituzte, eta edukiontzi batzuk erre dituzte. Halaber, Bilboko Udaltzaingoaren motor bati eta dozena-erdi bat autori su eman diete.

20:00ak baino lehentxeago, Ertzaintza Agirre Lehendakariaren etorbidean zabaldu da, eta bertan bildutako pertsonen aurka kargatu du. Gutxienez 16 pertsona atxilotu dituzte. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez, horietako asko adinez txikikoak dira.

Istiluak Bilbon

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istiluak Quilesen presentzia salatzeko martxetan parte hartu duen pertsona-talde batek sortu ditu. Talde hori Deustuko Ertzain-etxera joan da “harriak hartuta”, eta bidean Bilboko Udaltzaingoaren motor bati su eman diote.

Iturriek azaldu dutenez, Quilesek berak utzi du bertan behera ekitaldia, 14:00etan Ertzaintzara deitu eta ekitaldia beste leku batera eramateko aukera aztertzeko eskatu ostean. Izan ere, Segurtasun Sailak “argi jakinarazi dio” beste aukerarik ez zegoela eta, 16:06 idatziz jakinarazi du uko egiten ziola ekitaldia egiteari.

ErNEk salatu du polizia-operatiboa "presaka" desegin dela

Ertzaintzaren Sindikatu Independenteak, ErNEk, "bereziki larritzat" jo du arrisku-egoera ezagun bati aurre egiteko aldez aurretik planifikatutako eta zabaldutako polizia-dispositibo bat desmuntatzen hasi izana "nekez justifika daitekeen prezipitazio" batekin.

Hori dela eta, polizia-buruzagitzari azalpenak eta erantzukizunak eskatu dizkio, egunean zehar zabaldutako segurtasun-dispositiboaren kudeaketagatik. "Ekintza bat bertan behera uzteak ez dakar automatikoki arriskua desagertzea, batez ere kontzentrazio ugari, tentsio-giroa eta istiluak gertatzeko aukera nabariak daudenean", argudiatu du.

Erreakzioak

Iñigo Ansola Bizkaiko EAJko presidenteak "onartezintzat" jo ditu "ezker erradikalak" Bilbon eragindako istilu larriak. "Espero dut, behingoz, horrelako portaerak inoiz gaitzesten ez dituzten alderdiek hori behingoz egitea", adierazi du. "Faxismoak ez ditu ideologiak ulertzen", gaineratu du.

Bestalde, Maria del Rio EH Bilduk Bilboko Udalean duen bozeramaileak erabateko gaitzespena adierazi du Bilbon izandako gertakari "tamalgarrien" aurrean, "gaurko erantzun herrikoi, baketsu eta demokratikoen ostean". "Ezker soberanista ez dator bat jarduera horiekin, eta elkartasuna adierazi nahi die kaltetutako herritarrei", esan du zinegotzi abertzaleak.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak arratsaldeko "ekintza bandalikoak" gaitzetsi ditu, eta gaineratu du "probokazio baten aurrean, erantzuna inoiz ezin dela indarkeria izan".

EAEko PPk "gogor" gaitzetsi ditu "liskarra, indarkeria eta delinkuentzia beren jokamolde bihurtzen dituzten muturreko istiluak". "Gizarte demokratiko batean ez dute lekurik horrelako ekintzek", adierazi dute popularrek. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X