Nafarroa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

I-E: 'UPNAk medikuntza ikasketak eskaini behar ditu'

Bestalde, Foruzaingoak Izquierda-Ezkerraren ekitaldira bertaratu diren pertsona identifikatu ditu, tartean Pablo Archel Kongresurako koalizio horretako zerrendaburua bera ere.

Izquierda-Ezkerrak Nafarroako Unibertsitate Publikoan medikuntza titulazioa eskaintzeko beharrizan azpimarratu du. Pablo Archel Kongresurako zerrendaburuak esan du horretarako baliabide material eta humano nahikoak badaudela.

Archel Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da eta gaur Izquierda-Ezkerrak bertan egin du bere ekitaldi politikoa. Gizarteak eskatzen duen beharrizan bat dela esan ostean, Nafarroako ospitaleak unibertsitateko ikasleen praktikak hartzeko ondo egokituta daudela nabarmendu du.

Ildo berean, NUPen etorkizuna osasun sektorearekin lotutako titulazioak eskaintzean oinarritu behar dela adierazi du.

"Erizaintzako titulazioa sendotuta dagoen honetan, medikuntza ikasketak eskaintzeko garaia iritsi da", esan du. Horretarako 9 milioi euro inguruko inbertsioa beharko litzatekeela jakinarazi du, "Entzierroaren Museoa eraikitzeko aurreikusitako aurrekontua (7,5 milioi) baino zertxobait gehiago soilik".

Horrez gain, Archelek gogoratu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak Foru Gobernuari protokolo berri bat eskatu diola, zentroaren finantzazioa egonkorragoa izan dadin.

Bestalde, Foruzaingoak Izquierda-Ezkerraren ekitaldira bertaratu diren pertsonak identifikatu ditu, tartean Jose Miguel Nuin IUN-NEBko koordinatzaile nagusia eta Pablo Archel bera.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X