NAFARROA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nafarroa eta EAE batzeko aukera kentzeko konpromisoa hartu du Rajoyk

Konstituzioaren laugarren xedapena kentzeko eskatu dio Yolanda Barcinak, inoiz Nafarroak eta EAEk bat egitea saihesteko, eta Rajoyk konpromiso hori hartu du Konstituzioa aldatuz gero.
Mariano Rajoy Iruñeako ekitaldian. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Iruñeako ekitaldian. Argazkia: EFE

Konstituzioaren erreforma eginez gero, laugarren xedapena kentzeko konpromisoa hartu du Rajoyk. Izan ere, Iruñeko Baluarten egin duten ekitaldian, UPNko presidenteak horixe eskatu dio PPko buruzagiari.

"Nafarroak Nafarroa izaten jarraitzeko" konpromisoa hartu du Rajoyk, "Nafarroa Nafarroa eta Espainia izateko", eta foru erregimena defendatu du.

Konstituzioaren laugarren xedapena kentzeko eskatu dio Mariano Rajoyri UPNko presidenteak, Yolanda Barcinak. Era honetan, Nafarroak eta EAEk bat egitea erabakitzeko galdeketa ekidin nahi du Nafarroako presidenteak.

Hauteskunde orokor honek UPN eta PP batu ditu berriz ere eta Barcinak koalizio hau defendatu du "nazionalismoen aurrean, gure historia kolpe batez ezabatu nahi dutenen aurrean".

Gainera, Rajoy Moncloan egonda, Nafarroak "kezkatzen gaituena entzuteko prest egongo den gobernua" izango duela esan du.

Baluarten, 1.700 lagun ingururen aurrean egindako ekitaldian, "ETAren amaiera errespetuz, memoriaz eta biktimekiko duintasunez kudeatuko duena Rajoy izango da", adierazi du.

Bestalde, Reyes Zubeldia, José Javier Mugicaren alarguna, adibide moduan jarri du, haren hilketa argitzeko epaiketan haren ustezko hiltzaileei aurpegira begiratzeko adore eta kemen nahikoa izan zuelako. Biktima guztiei "eredugarri" direla esan die, eta 50 urtetan izan duten "duintasuna ez da ate atzean botako", adierazi die. "Armak eman eta barkamena eskatu arte borrokatzera behartzen gaitu biktimen sufrimenduak, garaileak eta garaituak izango dituen amaiera bat izan arte", gaineratu du.

Ezker abertzaleak "bi aurpegi" dituela kritikatu du,eta Bildu, Batasuna, Amaiur edo "orain deitzen diren moduan deitzen direla ere, euren helburua Nafarroak bere identitatea galtzea da".

Bestalde, UPN-PP akordioa defendatu du Barcinak. Mariano Rajoy Jose Maria Aznarren gobernuaren aroan ministro izan zenean eginiko azpiegiturak nabarmendu ditu, hala nola "Itoitzeko urtegia eta Nafarroako Kanala; horregatik, Nafarroarentzat hain garrantzitsuak diren proiektuak, AHTa esaterako, ahalbidetuko ditu", gaineratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X