Amaiur: 'Ustelkeriaren eskuinari aurre egiteko botoa Amaiurrena da'
Sabino Cuadra Kongresurako Amaiurren Nafarroako zerrendaburuak esan duenez, "ezkertiar, demokrata, soberanista eta abertzale sentitzen diren nafarrek Amaiur izango dute bozka eraginkorrena, ustelkeriaren, murrizketa sozialen eta zerbitzu publikoen desegitearen eskuinaren aurrean".
UPN eta PPri aurre egiteko "boto eraginkorrena" Amaiurren dela esan du eta Nafarroako ezkertiar eta abertzaleen botoak "sakabanatzeko luxua" ez dagoela erantsi du.
"Amaiurrek soilik lortu dezake aldaketa politiko berri bat ematen hastea, eskuinak azken 40 urteotan Nafarroan izan duen hegemoniarekin amaitzea", azpimarratu du Iruñean emandako prentsaurrekoan eta alboan Patxi Zabaleta, Txelui Moreno eta Maiorga Ramirez zituela.
Cuadrak azaldu duenez, "orain arte UPNk botereari eutsi badio, Nafarroako ezkertiarrak eta demokratak bananduta izan garelako da, baina orain elkartuta gaude eta UPN eta PP boteretik kentzeko unea iritsi da".
Hauteskunde hauetarako eskuina batu egin dela esan du, UPN-PP koalizioari aipu eginez, "baina Amaiur subiranotasunaren aldeko indar ezkertiar eta abertzalez osatuta dago".
Batasun hori kaleetan ere ikusten dela adierazi du Cuadrak, izan ere, "hezkuntza sektorea kalera atera da Nafarroako Gobernuak bideratutako murrizketak salatzeko eta osasungintzan ere mobilizazio handiak izan dira".
Gauzak horrela, Amaiurrek "XXI. mendeko Herri Frontea" izan nahi duela esan du, "faxisten altxamenduarekin Nafarroari lapurtu zioten askatasuna eta justizia lortzeko desioak asetzeko", nabarmendu du.