Nafarroa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Izquierda-Ezkerra: 'Nafarroako ezkertiarren erreferentzia gara'

Koalizioak salatu du PSOEk jarrera ezkertiarrari uko egin diola, Geroa Baik EAJk ordezkatzen duela eta Amaiurren lehentasuna lurraldetasuna dela.

Izquierda-Ezkerrako buruzagiek koalizio horrentzako botoa eskatu dute, "ezkertiarren erreferentzia garelako eta boto eraginkorra ordezkatzen dugulako". Eskuindarren eta botere ekonomikoak "ofentsibaren aurrean" politika sozialak eta demokrazia babestuko dituztela agindu dute.

Jose Miguel Nuin Nafarroako Parlamentuan I-Eren bozeramaileak eta Pablo Archel Kongresurako hautagaiak hala adierazi dute Iruñean eskainitako prentsaurrekoan.

"Nafarroak datorren igandean bozkatzen duenak eragina izango du etorkizuneko erronkei erantzuterakoan eta politika sozialen kontrako erasoei aurre egiterakoan", esan du Nuinek. Horrenbestez, I-Eren aldeko botoa eskatu du, "hori izango baita botorik eraginkorrena erasoaldiari erantzuteko".

"Trantsizio garaitik osatu den ezkerreko koaliziorik sendoena, serioena eta indartsuena gara", azpimarratu du.

Bestalde, PSOEk "ezkerreko programa eta ideologia babesteari" uko egin diola salatu dute. Era berean, EAJ Nafarroan Geroa Bai bezala aurkezten dela esan eta jeltzaleek PSOEren lan-erreformaren alde bozkatu zutela gogoratu dute.

Amaiur koalizioa ere kritikatu dute, "bere helburu nagusia lurraldetasunari buruzko eztabaida piztea baita, Euskal Herria-Estatua norgehiagoka sortzeko".

Alderdi Popularrari dagokionez, "makurtuta" ageri dela eta PSOEk, berriz, lehiatik "erretiratzea" erabaki duela adierazi dute, "aniztasunaren ezkerra goraka egiten ari den bitartean".

Azaroaren 21tik aurrera zer egingo duten argitu ez izana leporatu diote PPri. "Alderdi Popularrekin eta Nafarroan duten bertsioarekin, UPNrekin, arretaz ibili behar gara eta esaten dutenari sinesgarritasun gutxi eman", ohartarazi dute.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X