PSN: 'Rubalcabarekin langileen eskubideak bermatuta egongo dira'
Moscoso Kongresurako PSNren hautagai nagusiak esan duenez, "Alfredo Perez Rubalcaba da langileen eskubideak ez murrizteko berme bakarra, izan ere, PPk gobernatzen badu gure eskubide guztiak arriskuan egongo dira".
Moscosoren hitzetan, "datorren igandean eskubide sozialak, eskubide zibilak, askatasun publikoak eta azken urteotan PSOEn politikari esker lortutako eskubide guztiak jokoa egongo dira". Horrez gain, Espainian agindu duen eta gobernatuko duen "alderdi aurrerakoi eta ezkertiar bakarra" PSOE dela esan du.
Mariano Rajoyk "enpresa guztietako langileen eskubideak" murriztu nahi dituela ohartarazi du eta PPk boterea eskuratzen badu osasungintza bi aldiz ordaindu beharko dela nabarmendu du: "lehendabiziko ordainketa zergen bidez egingo dugu, eta bigarrena, kontsultara joatean; izan ere, UPNren laguntzarekin, koordainketa ezarriko dute Espainian".
Gauzak horrela, igandean bozkatzera joateko deia egin die "beren burua ezkertiar eta aurrerakoitzat duten herritarrei" eta botoa PSOEri emateko eskatu die, "hori baita Espainian eskuinak ez gobernatzeko aukera bakarra".
Bestalde, Maria Chivite Senaturako PSNren zerrendaburuak PSOEren "lorpenak" aipatu ditu banan-banan: "Dependentzia Legea, homosexualen arteko ezkontza, Berdintasun Legea edota laguntza bidezko ugalketarako legea". Gainera, Alderdi Popularrak eta UPNk lege horietako askoren aurka egin zuela ekarri du gogora. "Abortuaren Legearen edota Berdintasun Legearen aurka Konstituzionalean jarritako helegiteak atzera botako dituzten argi dezatela nahi dugu", erantsi du.