Barkos: 'Inkestek bosgarren aulkia lortzeko bidea ematen digute'
Uxue Barkos Geroa Baiko Kongresurako zerrendaburuaren esanetan, galdeketen arabera, baliteke Nafarroan jokoan egon litekeen bosgarren aulkia lortzeko borrokan sartzea.
Kanpainaren hasieran bere alderdiak "izugarrizko zailtasunak" aurkitu zituela esan du Barkosek, eta orain, "beste lau eserlekuak UPN, PSN eta Amaiurren artean banatuz gero libre geratuko litzatekeen bosgarren hori lortzeko bidean gaude".
Barkosek kritikatu egin du Rajoyk Mendekotasun Legea bideragarria ez dela esan izana, eta "murrizketen politika basatiaren iragarpena" dela esan du.
Geroa Baik horrelako politiken aurka "borrokatu" egingo duela esan du eta "hain garrantzitsuak diren horrelako iragarpenentzat, PPk eta UPNk kanpainaren bukaera aprobetxatzen ari direla" salatu du.