Espainiako hauteskundeetan PPrekin aurkezteko akordioa onartu du UPNk, eta gustura agertu da Feijoo
"UPN eta PP koalizioan" izena hartuko du bi alderdiek osatutako zerrendak, eta Espainiako Gobernurako presidentegai Alberto Nuñez Feijooren hautagaitza babestuko dute biek. Hark esan du albiste "ona" dela, "ez soilik elektoralki, baizik eta etikoki".
Javier Esparza UPNren bozeramailea eta Cristina Ibarrola UPNren presidentea
UPNren Kontseilu Politikoak azaroaren 29ko Espainiako hauteskunde orokorretara PPrekin koalizioan aurkezteko akordioa onartu du gaur, asteartez.
UPNk ohar batean adierazi duenez, akordioa % 93,5eko babesarekin egin dute. Kontseiluko kideen % 5,2k aurka bozkatu dute, eta % 1,3 abstenitu egin dira.
"UPN eta PP koalizioan" izena hartuko du bi alderdiek osatutako zerrendak, eta Espainiako Gobernurako presidentegai Alberto Nuñez Feijooren hautagaitza babestuko dute biek.
Alderdi bakoitzak hauteskunde-zerrendan izango dituen postuei dagokienez, UPNk zehaztuko du Diputatuen Kongresurako hautagaitzaren burua zein izango den, 4. postuaz eta 1. eta 3. ordezkoez gain.
Senatuaren kasuan, UPNk erabakiko ditu 1. eta 3. postuak eta horien ordezkoak.
Azaroaren 29aren ostean, UPNk izendatutako koalizioak lortutako diputatu eta senatariak Talde Mistoan sartuko dira, beraz, alderdi foralistaren ordezkariek boto askatasuna eta autonomia izango dute "Nafarroaren interesei ondoen datorkien jarrera hartzeko", adierazi du taldeak komunikatuan.
Itunaren arabera, boto-paperek bi alderdien logoak izango dituzte, eta hautagai bakoitza zein alderditakoa den azalduko da zerrendan. Kanpainan egingo dituzten ekitaldietan ere, bi alderdien ikurrak erakutsiko dituzte.
1982az geroztik, beti aurkeztu izan dira koalizioan bi alderdiak, 2023ko hauteskundeetan salbu. Orduan diputatu bana lortu zuten PPk eta UPNk. PSNk, berriz, bi diputatu erdietsi zituen, eta EH Bilduk, bakarra.
"Albiste ona"
Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentegaiak esan du UPNrekin hauteskunde orokorretarako lortutako akordioa "albiste ona" dela, "ez soilik elektoralki, baita etikoki ere".
X sare sozialean zabaldutako mezu batean adierazi duenez, "Nafarroak garrantzi sinboliko handia du". "Erkidego horretan hasi zen Sanchezen ustelkeria, eta Nafarroan daude bere itun zitalenak, Bildurekin presidentetza lortzeko egin zuena", gehitu du.
Horren ostean, PPren presidenteak esan du "gustura" daudela UPNrekin egindako akordioarekin: "Harro nago hauteskundeetara UPN alderdi konstituzionalistarekin joango naizelako, eta ez Bilduren eskutik, Sanchezen moduan. Hori da bidea, elkar hartuta joan gaitezen Espainiaren norabidea aldatzera".