Eusko Legebiltzarra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bilboko istiluek ika-mika piztu dute indar politikoen artean segurtasunari buruzko monografikoan

Istiluak "politika zikina" egiteko ez erabiltzea eskatu du EAJk. PSEk, berriz, zalantzan jarri du Ertzaintzaren dispositiboa. Indar guztiek aho batez gaitzetsi dituzte liskarrak, baina oposizioa ez da ados jarri arrazoiak eta erantzukizunak aipatzerakoan.

VITORIA, 28/10/2026.- La cámara vasca guarda un minuto de silencio por el accidente de tren en Toledoeste miércoles durante un pleno monográfico de seguridad en la Cámara Vasca. Los partidos que gobiernan las principales instituciones vascas, PNV y PSE-EE, plantean propiciar el debate sobre la seguridad pública en Euskadi, para lo que han convocado un pleno monográfico en el Parlamento Vasco que tratará de dilucidar un diagnóstico de la situación y favorecer acuerdos sobre el modelo que el País Vasco precisa en los próximos años. EFE/Adrián Ruiz-Hierro
Eusko Legebiltzarreko segurtasunari buruzko osoko bilkura monografikoa. Argazkia: EFE

Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoak bat etorri dira astelehenean Bilbon izandako liskarrak gaitzestean, baina oposizioak desadostasunak agertu ditu erantzukizunak eta arrazoiak zehazteko orduan.

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak segurtasunari buruzko eztabaida monografikoa egin du asteazken honetan, EAJk eta PSE-EEk eskatuta. Joan den irailean Jaurlaritza babesten duten taldeek eskatu bazuten ere, joan den astelehenean Bizkaiko hiriburuan izandako istiluetatik bi egun eskasera egin da bilkura, hiri-altzarietan kalte handiak eragin baitzituzten eta hogei bat lagun atxilotu baitzituzten.

EAJ: "Indarkeriak ez du arrazoirik, aitzakiak baizik"

Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, "Euskadin gehiengoak ez du nahi Victor Quiles bezalako probokatzaile eta lotsagabe bat gure herria nahastera etortzea, baina, aldi berean, gaitzetsi egiten du presentzia horren aurka protesta egiteko modua Bilboko herritarren autoak erretzea, dendak arpilatzea edo edukiontziak eta altzari publikoak erretzea izatea".

Diez Antxustegiren ustez, Bilbon gertatutakoak agerian uzten du "arazo bat dagoela jende jakin batekin, indarkeriarako arrazoirik bilatzen ez duten mugimendu jakin batzuekin, indarkeriak ez duelako arrazoirik, indarkeriak aitzakiak dituelako".

Ohartarazi duenez, beste batzuek "eztabaida hori aldarrikatu nahi dute eta hauteskundeetan politika zikina egiteko edo hauteskundeei begira erabiltzeko". Horrela jokatzen dutenen aurrean, segurtasun arazoei "ausardiaz, konbentzimenduz eta erraza ez dela jakinda" aurre egin behar zaiela azpimarratu du.

EH Bildu: "Indarkeriazko eta gizartearen aurkako portaerak erabat gaitzesten ditugu"

Eztabaidan zehar, Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak bere taldearen "erabateko gaitzespena" adierazi du "Vito Quiles astintzaile ultraeskuindarraren presentziari erantzuteko deitutako mobilizazioak amaitu ondoren, izandako jokabide bortitz eta antisozialen aurrean".

"EH Bildu ez dator bat bizikidetzari kalte egiten dioten eta auzokideen, merkatarien eta, oro har, herritarren ongizateari zuzenean eragiten dioten jarduera horiekin", adierazi du, eta, jarraian, elkartasuna helarazi die istiluek kaltetutako pertsona guztiei.

Era berean, EH Bildu "antifaxista" dela gogorarazi du, eta, beraz, "harro" daudela "herri honek Vito Quiles probokatzaileari emandako erantzun masibo eta demokratikoarekin". Nolanahi ere, zehaztu duenez, "mobilizazioak amaitu ondoren gertatu ziren ekintza bandalikoek bloke erreakzionarioaren interesen alde baino ez dute egiten".

PSE: "Demokraziarekin bateraezinak diren ekintzak"

Bestalde, Ekain Rico PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ere gaitzetsi egin ditu Bilboko istiluak, eta babesa adierazi die ekintza horien ondorioak jasan zituzten herritarrei eta gertakari horien aurrean esku hartu zuten poliziei.

Gainera, gogorarazi duenez, "egun osoan zehar, milaka ikaslek modu baketsuan egin zuten manifestazioa Vito Quilesen eta horrek ordezkatzen duen guztiaren aurka", eta istiluak pertsona horrek Bilbon deitutako ekitaldia bertan behera utzi zuela jakin zenean hasi ziren, "indarkeria hasi zenean ez baitzegoen saihesteko ekintzarik".

Ricoren ustez, horren ondorioa "agerikoa da", eta, horren arabera, "Quiles ez zen izan gertatutakoaren arrazoia, aitzakia baizik". "Talde bortitz horiek kaosa sortzera zetozen, beste batzuetan futbol-partiduen ostean edo jai herrikoietan egin duten bezala, eta hori ez da antifaxismoa. Izan ere, harriekin eta suarekin beldurra inposatzea gure kaleetan azkenaldian ikusi dugun faxismoaren antzekoena da", gaineratu du.
  
Gainera, aitortu duenez, astelehenean Bizkaiko hiriburuan izandako polizia-dispositiboa "ez zen nahikoa izan ikusi genuena saihesteko". Nolanahi ere, azpimarratu du beharrezkoa dela erabakiak hartzea "berriro gerta ez dadin".

Sumar: "Gutxiengo batek" egindako ekintza bandalikoak

Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak ere gaitzetsi egin ditu "gutxiengo batek" Bilbon egindako ekintza bandalikoak. Hala ere, gogorarazi du astelehen goizean bertan "milaka gazte, ikasle, modu baketsuan eta eredugarrian faxismoaren aurka agertu zirela", eta, beraz, azpimarratu du garrantzitsua dela bi portaerak "bereiztea".

PP: Segurtasun Sailaren "eraginkortasunik eza"

Bestalde, Javier de Andres EAEko PPko presidente eta legebiltzarkideak EAJri eta PSEri aurpegiratu die "gizarteari helarazi nahi diotela ez dagoela segurtasun arazorik", eta segurtasun ezaren pertzepzioa "eskuinaren edo ultraeskuinaren erruz" dela, "gauza bera direlako".

De Andresek salatu duenez, Ertzaintzak "ordubetez alde egin zuen unerik kritikoenean", eta hori Eusko Jaurlaritzaren "kudeaketa txarrari" egotzi dio. Buruzagi popularrak galdetu du ea Ertzaintza une horretan ez egotea Segurtasun Saileko arduradunen "eraginkortasunik ezaren" ondorio izan ote zen, baina ez du baztertu "asmo politiko" baten ondorio izatea.

Vox: "Kaleko terrorismoa"

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak "irmo" gaitzetsi du Bilbon gertatutakoa, "kale terrorismotzat" jo baitu. Adierazi duenez, Bizkaiko hiriburuko istiluek "arriskuan jarri zuten segurtasun publikoa, eta agerian utzi zuten herrialdean oraindik ere dagoen gorrotoa".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X