Hezkuntza
Hezkuntza saila jantokietan sukalde kontzeptu berri bat ezartzen hasi da "menu osasungarriagoak" emateko
Sukalde elektriko bertikalen sistema aitzindaria da, in situ, menu osasungarriagoak emateko. Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak azaldu duenez, sukalde bertikal horietan eltze baskulagarriak erabiltzen dira, eta langileek "ez dute ontzi astunak erabili beharrik". "Sukaldearen erabilera funtzio anitzeko sistemei esker sinplifikatzen da; makina bakar batek hainbat prozesu gauza ditzake", zehaztu du.
Errektoreak EHUko finantzaketari egindako kritikak "egia-oste, gezur eta eufemismoetan" oinarritzen dira, Perez Iglesiasen iritziz
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak ukatu egin du EHU "azpifinantzatuta" dagoela, eta gaineratu du "oso zaila" dela horrelako diskurtsoetatik abiatuta akordioak lortzea.
Ekaitz Pau, Gorlizko alkatea: "Udaltzaingoaren auto bat bidali arren, hark alde egitean eraso zioten etxeari"
Uribe Kosta institutuko irakaslearen jazarpen kasuaren harira, Ekaitz Pau Gorlizko alkateak azaldu du gaiaren berri izan zuela irakaslea bera Udalarekin harremanetan jarri zenean, azken erasoa baino egun batzuk lehenago. Dioenez, alde guztiekin harremanetan jarri da, eman beharreko pausoak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko, eta azpimarratu du ez dela institutuko gauza isolatu bat, gizarte osoari eragiten diona baizik.
Begoña Pedrosa: "Irakasleen eskubideen edo euren lanaren aurkako edozein jokabide onartezina da"
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak babesa adierazi nahi izan dio Santurtziko ikastetxe bateko ikasle talde baten jazarpenaren biktima izan den irakasleari. "Ikastetxeak Ikasleen Eskubideei eta Betebeharren Dekretuaren esparruan aurreikusitako prozedurak aktibatu ditu, eta sailetik prozesu horri laguntzen jarraituko dugu, hurbiltasun eta errespetu osoz", adierazi du Pedrosak.
Pedrosa sailburuaren ustez, Plentziako auzia dela eta, jazarritako irakasleak "erreparazio soziala" merezi du
Hezkuntza sailburuak adierazi duenez, Plentzian gertatutakoa sakon aztertzen ari dira, dagozkion ondorioak ateratzeko, baina, bitartean, "ezin gara geldirik egon". Horregatik, Pedrosak ikastetxean esku-hartze zuzena egitea proposatu du, eta Plentziako herri osoari eta Udalariparte hartzeko gonbita egin die.
Jorge Bermudez: “Adingabeen delituzko portaeraren ondoriozko neurriak gurasoen gain erori daitezke”
Jorge Bermudez Gipuzkoako Fiskaltzako bozeramaileak jakinarazi duenez, 14 urtetik beherakoek adin nagusikoentzat delitutzat hartuko liratekeen egintzak egitea gurasoen zaintza- eta heziketa-eginkizun desegokiaren ondorio izan daiteke. Hori dela eta, halakoetan, izaera zibileko edo administrazioko neurriak har daitezkeela iragarri du, familiei zuzenduta.
Plentzian jazarpena salatu duen irakaslearen kasua dela eta, protokoloak aktibatu berri ditu Hezkuntza Sailak
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Politiketako sailburuordeak adierazi duenez, orain arte ikastetxeak berak kudeatu ditu irakasleak aurreko urteetan ere salatutako jazarpen egoerak. Azken gertakarietan ustez inplikatuta dauden ikasleak 12 eta 13 urte bitartekoak direla baieztatu du, eta, beraz, hartu beharreko neurriek "heziketa mailakoak" izan behar dutela. EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Hezkuntza Sailari, "hartu beharreko mekanismoek" huts egin ote duten jakiteko.
Adingabe batzuk ikerketapean dira Plentzian, hainbat urtez irakasle bat jazartzeagatik
Azken erasoak Halloween gauean izan ziren. Orduko hartan, 50 bat gaztek arrautzak eta limoiak jaurti zituzten irakaslearen etxebizitzaren kontra. Horren aurrean, ikastetxeak ohar bat zabaldu du, azaltzeko zortzi urte daramatzala irakasle horrek erasoak jasaten, eta, hori dela eta, eskolaz kanpoko jarduera guztiak bertan behera utzi dituztela jakinarazteko.
Errenteriako hiru agustindarren azken agurra
Hamarkada luzez bizileku izan duten etxetik alde egiteko unea iritsi zaie Errenteriako Agustina monasterioko 3 ahizpei. Gaur etxe-aldatze lanetan ikusi ditugu, Bilboko Santa Monika monasteriora mugituko dira euren fedearekin jarrai dezaten, eta beharrezkoa duten zaintza egokia izan dezaten.
Zer protokolo aktibatzen dira ikastetxe batek jazarpen kasu bat egon daitekeela susmatzen duenean?
522 ikasle eskola-jazarpenaren biktima izan ziren joan den ikasturtean EAEn. Zenbakien atzean atzean ikasleen bizipenak daude; beldurra eta isiltasuna protagonista. Ikastetxeetan geroz eta sentsibilizazio handiagoa dago, eta kasuak goiz atzematea oso lagungarria da.
Iaz eskoletan abiatutako 2.263 protokoloetatik 522 eskola jazarpen kasuak izan zirela baieztatu du Hezkuntza Sailak
2024-25 ikasturtean aurrekoetan baino eskola jazarpen kasu gehiago ikertu dira (aurreko ikasturtean baino 364 gehiago) eta baieztatutakoak ere igo egin dira (522). Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, datuek erakusten dute "sentsibilizazio handiagoa, detekzio goiztiarra eta prozeduretan konfiantza handiagoa" dagoela.
3.346 milioiko aurrekontua aurkeztu du Hezkuntza Sailak, langileen arlora eta inklusio-programetara bideratutakoa nabarmenduz
Kamerak ikasgeletan: Sindikatuak kexu, Hezkuntzak dio helburu pedagogikoa dutela
Sindikatuek salatu dute hezkuntza komunitateak ez dakiela kamerak zein helbururekin jarri dituzten. Gainera, haien ustez, irakasleen gaineko kontrola handitu eta ikasleen intimitatea urratzen du.
Hezkuntza Sailak oharra bidali du ikastetxeetara, azaltzeko helburua pedagogikoa dela, ikastetxe bakoitzak erabakiko duela zenbat kamera eta non jarri, eta irakasle bakoitzak izango duela kamera piztu eta itzaltzeko aukera.
Ehunka ikasle eskola jazarpenaren aurka manifestatu dira Bilbon, Sandra Peña adingabearen kasua dela eta
Sevillako adingabeak bere buruaz beste egin zuen ikaskideek bullyinga egiten omen ziotelako. Ikasle Sindikatuak Estatu mailan ere deitu du ikasleen greba gaur. Jazarpen kasuetan ikastetxeek erantzukizuna beren gain har dezatela eskatu dute.
EHUk 607 milioi euroko aurrekontu-premia duela adierazi die alderdiei
Egungo aurrekontuaren %78 "eguneroko oinarrizko gastuei aurre egiteko erabiltzen da, eta hori ez da nahikoa".
“Lurraldearen arabera, aldeak daude. Gipuzkoako osasun zentroetan zailtasunak ditugu esku-hartze eraginkor bat izateko”
Herritarren % 5-7k pairatzen dute arreta gabeziaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua. Amaiur Olarza ADAHIGI Gipuzkoako Arreta Gabezia eta Hiperaktibitate Nahastearen Elkarteko psikologoak adierazi duenez, horietako askok ez du diagnostikorik. Hala, ohartarazi du haurtzaroan tratamendurik ez izateak sintomak larriagotu egiten dituela helduaroan. Halaber, salatu du Euskadin ez dagoela adostasunik eta ekitaterik AGHN duten pertsonenei arreta emateko.
Haurren digitalizazio osasuntsua sustatzeko gida aurkeztu du Altxa Burua mugimenduak
Hego Euskal Herriko dozenaka familia elkartu dira Eibarren, Altxa Burua mugimenduaren lehenengo topaketa nagusian. Hitzaldiez gain, Doitu liburuxka aurkeztu dute; hain zuzen, haurren digitalizazio osasuntsua sustatzeko gida. Horrekin batera, mugimenduak eskatu du ikastetxeetan liburuen erabilera berreskuratzea eta pantaila aurrean egiten diren orduak murriztea.
Oroimenean gordeko dute antolatzaileek aurtengo Nafarroako ikastolen aldeko festa
Aurtengo edizioa antolatu duen Paz de Ziganda ikastolako ordezkariak oso pozik agertu dira. "Jendetsua" eta "gorabeherarik gabekoa" izan da aurten Nafarroa Oinez, eta hasiera batean ezarritako helburuak bete ditu.
Eskola segregazioaren aurkako manifestazioa deitu dute azaroaren 29rako, Bilbon
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak eskola publikoaren aldeko apustua egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Ordizian egin dute agerraldia, eskola segregazioaren arazoaren erakusgarri den herrian, plataformaren arabera.