Oroimenean gordeko dute antolatzaileek aurtengo Nafarroako ikastolen aldeko festa
Aurtengo edizioa antolatu duen Paz de Ziganda ikastolako ordezkariak oso pozik agertu dira. "Jendetsua" eta "gorabeherarik gabekoa" izan da aurten Nafarroa Oinez, eta hasiera batean ezarritako helburuak bete ditu.
Jende andana bildu da Atarrabian gaur, igandearekin, Paz de Ziganda ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez festan. "Historikotzat" jo dute gaurko hitzordua antolatzaileek, milaka lagun bildu baitira bertan.
"Giroa ezin hobea egon da goizetik. Oroimenean gordeko dugu aurtengoa, helburuak beteta eta arrakastaz blai bukatu baitugu eguna·, esan dute ohar batean.
Eguraldiak ere lagundu du horretan, musikaz, dantza ikuskizunez eta kulturaz gozatzeko aukera izan baitute bisitariek, ibilbidean zehar egokitutako hiru guneetan. 10:00ak jota lehertu da jaia, eta adin guztiei zuzendutako kontzertuak, emankizunak, herri kirolak eta ekimenak izan dira bertan.
Atarrabia euskararen eta ikastolen aldeko Nafarroa Oinez topaketa ospatzen ari da gaur, Paz de Ziganda ikastolaren eskutik.
Adarraren eta txalapartaren soinuak abiatu du goizean goizetik hitzorduz beteriko eguna. Jardunaldia abiatzeko, bihotz handi batekin apaindu dute ikastolaren fatxada, dantzariek Anne Etchegoyenek interpretatutako "Bake mina" abestiaren erritmora dantzatzen zuten bitartean.
Nazioarteko egoera izan da aurtengo edizioko protagonistetako bat. Maider Nuin ikastolako lehendakariak dei egin du indarkeria eteteko eta "mundu baketsuago eta solidarioago bat eraikitzeko".
Hala ere, horrek ez dio protagonismoa kendu eguneko benetako protagonistari: euskarari.
Ana Ollo Nafarroako Foru Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Euskara kontseilariak nabarmendu du "gero eta anakronikoagoa" dela euskararen egoera lurraldean, eta adierazi du egoera hori gainditu beharra dagoela.
Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak ere hartu du parte ospakizun honetan. Horren ustez, bi dira Nafarroa osoa "josten" duten elementuak: Osasuna futbol taldea eta ikastolen euskarazko hezkuntza.
Gaurkoan, egun osoan izango dira ospakizunak Atarrabian, 2025eko Nafarroa Oinez jaialdian, eta musikaz, festaz eta gastronomiaz gosatzeko aukera egongo da 2,8 kilometroko ibilbidean zehar.
Hurrengo geltokia: Viana
Viana herria izango da Nafarroa Oinez ekitaldia hartuko duen hurrengoko herria. Hain zuzen ere, Erentzun eta San Fermin ikastolek eskutik helduta egingo diote aurreko erronkari.
Atarrabian, beraz, lekukoa pasa diete 2026ko Nafarroa Oinez antolatuko duten ikastolei. Bertan izan dira ikastoletako ordezkariak: Erentzun elkartetik, Marta Tejada presidentea eta Garbiñe Zulaika zuzendaria; eta, San Ferminetik, Eider Sagastibeltza lehendakaria eta Uxue Lazakano zuzendaria.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera