Santurtzik milaka lagun bildu ditu Euskal Eskola Publikoaren jaian
Santurtziko kaleak eta plazak ekitaldiz, familia-ikuskizunez, tailerrez eta bestelako jardueraz bete dira lehen ordutik, Euskal Eskola Publikoaren izaera irekia eta komunitarioa indartzeko asmoz.
Santurtzik milaka pertsona bildu ditu gaur, igandea, Euskal Eskola Publikoaren jaiaren 33. edizioan. "Ehunetan" lelopean, goizean goizetik euskal hezkuntza komunitatearen topagune bihurtu da Bizkaiko herria, eskola publiko inklusibo, euskaldun eta berritzailearen alde. Gaurkoa, beraz, ospakizun eta parte-hartze handiko eguna izateaz gain, aldarrikapen eguna ere bada, eskola publikoari merezitako balioa emateko.
Egun osoan zehar, ondo pasatzeko aukera ugari izan dira udalerriko hainbat gunetan. Lehen ordutik, kaleak eta plazak ekitaldiz, familia-ikuskizunez, tailerrez eta bestelako jardueraz bete dira, Euskal Eskola Publikoaren izaera irekia eta komunitarioa indartzeko asmoz.
Bere hitzaldian, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azpimarratu du eskola publikoak milaka pertsonaz osatutako sarea ordezkatzen duela. "Ikasle, familia, irakasle eta ikastetxe bakoitzak bere ekarpena egiten du. Eskola publikoaren indarra, hain zuzen ere, aniztasun horretatik eta bere indargune handienetako bat bihurtzeko duen gaitasunetik sortzen da", adierazi du.
Susana Aribayos EHIGEko presidenteak, Itziar Carrocera Santurtziko alkateak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak hezkuntza-komunitateko eta euskal erakundeetako ordezkariekin batera parte hartu dute hasiera ekitaldian.
Susana Aribayos, EHIGE
Gune nagusietako batean, Las Viñas eskolan, guztiontzako moduko musika eta antzerki proposamenak izan dira. Parke Nagusian ere eskaintza handia izan da: jolasak, tailerrak, dibulgaziorako guneak eta ingurumenaz sentsibilizatzeko proposamenak, besteak beste.
Gernika parkeak gastronomia eta zuzeneko musika uztartu ditu, eta Santurtziko portuak, berriz, eguneko ikuskizun jendetsuak hartu ditu. Herri kirol erakustaldiak eta kontzertuak eskaini dituzte jaiaren topagune izaten den gune horretan.
Ospakizuna, gainera, udalerri osora zabaldu da, animazio ibiltariari eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak antolatutako kalejirari esker, Reperkusion Feminista batukadak lagunduta. Edizio honetan, Euskal Eskola Publikoaren jaiak irakaskuntza publikoak euskal hezkuntza sistemaren ardatz gisa duen lekua aldarrikatu du berriro.
"Pribatizazioaren noraezarekin" amaitzeko deia
Testuinguru horretan, eskola publikoaren alde egiteko eta "pribatizazioaren noraezarekin amaitzeko" eskatu dio Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Gaurko hitzorduan Hezkuntza sailburuak parte hartu duen arren, "guztiontzako sare publikoa" aldarrikatu dute. "Lan handia falta da oraindik sare publikoa hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin", ohartarazi du plataformak.
Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak kalejira egin du Santurtzin, eta Hezkuntza Sailak hartu behar dituen "neurriak ikusarazi" ditu. Horien artean, eskola publikoak baliabideetan, azpiegituretan, plantilletan eta aurrekontuetan "erabateko lehentasuna" izatea aipatu ditu. "Ezin dugu igerileku pribatuak dituzten ikastetxeetara dirua bideratzen jarraitu, ikastetxe publikoetako geletan 30 gradutan dauden bitartean", adierazi du plataformak.
Sumar eskola publikoaren alde agertu da
Jon Hernandez Sumarrek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak esan du eskola publikoa dela "berdintasuna eta ekitatea bermatzen dituen bakarra", eta eskatu du erakundeek babes handiagoa eman diezaiotela sare publikoari, itunpeko hezkuntza "mimatzen" ari den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza politikaren aurrean.
Hori dela eta, hezkuntza publikoaren aldeko "apustu argiagoa" egitea eskatu du Hernandezek, aukera berdintasuna bermatzeko funtsezko bitartekoa baita, baita herrigintzaren gune nagusietako bat ere bai.